Marotoren alderdia sekula ikusi gabeko trikimailu eta azpijoko zikinenez baliatzen ari da datozen maiatzeko udal hauteskundeetan aurreikusten zaion porrota arintzearren. Uda hastearekin batera aurreiritzi xenofoboen mamua astintzen hasi zen. Oro har, bozkatzen ez duen kolektibo baten kontra zuzendu zuen espresuki bere oldarraldi arrazista; magrebtarren kontra, alegia; jakin badakielako arabiar jatorriko auzokoekiko mesfidantza oso hedatuta dagoela informaziorik gabeko hiritargoaren sektore handi batean. Gero, bentiladorea piztu eta simaurra zabaltzen hasi zen, bere interesen neurrira sortutako Legegintzako Herri Ekimenaren bitartez. Legebiltzarrean bere diputatu eserlekutik proposatzera ausartu ez zena, alderdiko militante talde batek sortutako plataforman delegatu zuen. Izan ere, horrelaxe sortu baitzen “Ayudas+Justas” izenez bataiatutako ekimena; Marotok bultzatuta eta babestuta; alkatearen erretratua elastikoen paparrean; eta, sekula ikusi gabea, gizarte eskubideak murrizteko asmotan. Plataformaren zilegitasuna ere berehala geratu zen kolokan, aurkezpenetik egun gutxitara jakin baitzen etorkinek laguntza publikoei egindako ustezko iruzurra salatzen duen ekimenaren eledunak berak ere iruzur egin ziola Lanbideri. Baina iskanbilak ez zituen kikildu ekimen arrazistakoak, eta mingaina ipurtzuloan sartu beharrean, lau haizetara astintzen jarraitu zuten, non eta Espainiatik iritsitako etorkinen egoitzetan. Extremadurako Zentroan, esaterako, ekitaldi publikoa egin zuten euren sinadura bilketari bultzada emateko.
Arrazismoaren harra elikatzea, gizarte eskubideak aitzaki hiritarrak elkarri mokoka jartzea, Udalaren baliabide publikoak bere alderdiko publizitatearen mesedera erabiltzea, munduko patata tortilla garestiena, PPren irudi korporatiboaz mozorrotutako Udalaren propaganda, azpiegitura publikoen inaugurazioak, publizitate alderdikoia familiei zuzendutako zinema emanaldietan... Ikusteko dago zein izango ote den alkategaiaren hurrengo publizitate-azpijokoa, baina beldur naiz hauteskunde kanpaina ofizialki hasten denean direnak eta ez direnak ikusiko ditugula, zein baino zein lizunagoa. Datorkiguna orain arteko kanpaina aurrekoa baino joko zikinagoa bada, goragalea eragiten dit kanpainan pentsatze hutsak.