Tontolnabo auzitara

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko ira. 16a, 02:00

Koldo Alzola

 

Badira hilabete batzuk kazetariren batek, nahi gabe (itxuraz), “Tontolnabo” ezizenez birbataiatu zuela Gasteizko alkate jaun txit gorena. Antza, berriemaileak goitizen hori baliatu zuen karaktere kopurua betetzeko gerora aldatuko zuelakoan, baina zuzenketa egitea ahaztuko zuen, nonbait, eta hankasartzea; erredakzioaren, maketazioaren eta zentsuraren galbaheak pasatuta; hantxe agertu zen, paperezko milaka aletan inprimatuta. Pasadizoak oihartzun handia izan zuen gasteiztarron artean, izan ere, askok eta askok pentsatu genuen izengoitia primeran egokitzen zitzaiela alkateak egindako azken adierazpen arrazistei. Ez da harritzekoa, beraz, politikariaren jarrera ergela salatzen duten ehunka pegatinak, pintadak, eta abarrekoek “tontolnabo” izena baliatu izana agintaria lotsagarri uzteko.

 

Artaburua izatea, baina, ez da delitua; orain arte ez, behintzat; bai, ordea, agintari publiko batek bere adierazpenez xenofobiaren txinparta piztea eta horretarako iruzur egitea argumentazioan. Maroto, arduragabekeria handiz, hiritar askoren sentimendu arrazisten hautsa harrotzera dedikatu da azken aldian. Bere erasoen jomugan kolektibo zehatz bat jarri du, Maroko eta Algeriako etorkinena, eta leporatu die gizarte laguntzak kobratzearren etortzen direla Gasteizera. Batetik, arinkeriaz jokatzen ari da, ezin baitzaio inori delitu bat leporatu mahai gainean inongo probarik jarri gabe, eta ezin du probarik ekarri, gezurretan ari delako. Baina nire ustez larriena dena zera da, kolektibo oso bat norbanako baten delituaren erantzule egitea. Deliturik bada, delitua pertsona batek egin du, ez pertsona horrekin ezaugarri fisiko, etniko, kultural, ideologiko edota erlijioso batzuk konpartitzen dituzten pertsonen kolektiboak. Zer irizpide erabiltzen dute PPkoek (zenbait alderdikidek ere babesa eman baitiete, behin eta berriz, bere adierazpenei) kolektibo oso bat norbanako baten ustezko delituen erantzule egiteko? Azalaren kolorea? Jatorria? Irizpide fenotipikoak? Kulturalak? Erlijiosoak?

 

Nahiko agerian geratu da Maroto bozka arrantzan dabilela, eta horretarako ezjakintasunaren mamuak elikatzen ari dela... hiritar talde zehatz baten kontra, arabiarren kontra alegia. Azpijoko horren adierazle nabarmenena da sorgin ehiza horretatik beste etorkin talde batzuk kanpo utzi izana. Ez al da susmagarria arabiarrak edota musulmanak (Marotok berak ere, ezjakintasunez edo asmo txarrez, nahasi egiten ditu adierak) bere adierazpenen jomugan jartzen dituen bitartean, hegoamerikarrak espresuki salaketa susmoetatik salbuetsita uztea? Arrazoia oso sinplea da: lehenei ez zaie onartzen bozkatzeko eskubidea; besteek, ordea, bai, parte hartu egiten dute udal hateskundeetan... horra hor eurekiko keinua. Ikuspuntu etiko batetik lizuna da Marotoren hauteskunde-estrategia. Denak ez du balio boto ziztrin batzuk eskuratzearren! Baina alikate jaunak, etikatik haratago, delituaren marra gorri labainkorra ere zeharkatzeko arriskuan dago. Horixe bera pentsatu du EAEko Auzitegi Goreneko Fiskalak, eta Gasteizko auzapezaren adierazpenetan delitu zantzuak bilatuko dituela adierazi du.

 

 

Ez dut itxaropen handirik Fiskaltzaren ebazpenean, ezerezean geratuko da seguraski. Auzitegian gertatzen dena gertatzen dela ere, kaleak dagoeneko eman du bere epaia: Alkate jauna “tontolnaboa” da. Baina, irainetatik eta epaileen ebazpenetik haratago, Marotok jaso dezakeen zigorrik bidezkoena zera da: piztu duen gorrotoaren sua esku artean eztanda egin diezaiola. Berak ezjakintasunaren eta beldurraren bozka bilatzen du, artaburuena... egin diezaiogun aurre informazioaz, formazioaz eta datu zehatzez bere funtsarik gabeko argudioak desmontatuz... Alde Zaharreko auzo mugimendua egiten ari den bezala.

 

Alde Zaharrekoek argitaratu berri duten txostenean udal oposizioak egin beharko zukeen, eta nagikeriagatik edo hauteskundeei beldurragatik egin ez duen, azterketa kritikoa egin dute. Merezi du irakurtzeak. Ez gaitezen erori Marotoren azpijokoan, ez gaitezen “tontolnaboak” izan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago