Noa? Ni ez noa!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko eka. 19a, 09:09

Koldo Alzola

Uztailaren 16an, Gasteizko Jazzaldiaren egitarauaren barruan, Israelgo Noa abeslariaren kontzertua dago iragarrita. Azken urteotan Noa Israelgo apartheid erregimenaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren nazioarteko kanpainako helburu nagusietakoa bilakatu da, izan ere, artistak behin baino gehiagotan eman die babesa Israelgo estatuaren politikei eta armada hebrearrak burututako sarraskiei. Hala ere, Israelgo apartheid erregimenaren itxura zuritzeko eta normalizatzeko estrategia horretan, abeslariak bakezale eta aurrerakoiaren plantak egiteko ahalegina egin izan du beti, horrexegatik, bere ibilbidea eta jokaera ezagutzen ez duen askori zaila suerta dakioke kantariaren aurkako boikot kanpaina ulertzea. Baina, itxuratik haratago miatzen badugu, ez da oso zaila Israelgo enbaxadore kulturalaren benetako asmoak agerian uztea.

 

Gauza publiko eta jakina da Israelek artistak baliatzen dituela nazioarte mailan bere apartheid politikak zuritzeko; eta bereziki, Noak bezala, irudi kontraesankor eta kalkulatua eskaintzen duten artista horiek dira estrategia horren tresna, itxuraz, elkarkidetzaren aldeko mezu bakezale faltsua ematen baitu. 2008ko abenduaren eta 2009ko urtarrilaren artean Gazako zerrendan Israelgo armadak burutu zituen erasoen ostean, eta 1500 lagunetik gora eraildakoan, Arye Mekelek, Israelgo Atzerriko Ministerioko bozeramaleak, zera adierazi zuen: “Gure nobelagile ta idazle ezagunenak bidaliko ditugu munduan zehar, baita antzerki konpainiak eta erakusketak ere... horrela, Israelgo aurpegi jatorrena erakutsiko dugu, eta saihestuko dugu bakarrik gerra testuinguru batekin lot gaitzaten.” (2009ko martxoaren 3an The New York Times egunkarian argitaratua).

 

Noa, New Yorken hazi bazen ere, 17 urte zituela Israelera joan zen Israelgo armadan soldadutza modu bolondresean egitera. Sarritan bakezale moduan agertzea du gustuko, herrien elkarkidetzaren aldeko mezua eman ohi du. Baina irudi hori askotan eta arrakasta handiz antzeztu badu ere, behin baino gehiagotan katamaloa erantzi eta benetako aurpegia erakutsi du. Behin baino gehiagotan Palestinako herriarekiko mespretxua erakutsi du, eta Israelgo armadaren ekintza bortitzenei babesa eman die, izan ere, bera ere armada horretako kidea izan baita. 2009ko urtarrilean, armadak “Berun Urtua” izeneko operazioa burutzen zuen bitartean, Noak gutun irekia helarazi zion Gazako herriari Israelgo prentsako zenbait hedabideren bitartez. Idazkian erasoa defendatu eta Hamasi leporatzen zion Israelgo armadak burututako sarraskiaren errua, bere hitzetan, Hamasek “pobreziaz, gaixotasunaz eta miseriaz beteriko zabortegi bilakatu baitu Gaza”. Halaber, zera erantsi zuen: “opa dizuedan gauza bakarra (palestinarrei) zera da, Israelek egin beharreko lana egin dezala eta minbizi, birus, fanatismo izeneko munstro horretatik libra zaitzatela, Hamasetik, alegia”. Baina ahaztu zitzaion aipatzea Gazako sarrera eta irteera guztiak itxita daudela, eta horrexegatik dagoela larrialdi humanitario egoera kezkagarria, UNRWAk (NBEko errefuxiatuak artatzeko agentzia) berak behin eta berriz salatu duenez. Geroago bere hitzak zehazten saiatu bazen ere, Noak ez du behin ere salaketa publikorik egin Israelgo estatuaren politika hiltzaile, arrazista eta espantsionisten inguruan. Izan ere, 2010ean Gazara laguntza humanitarioa zeraman Askatasunaren Ontzidiaren aurkako erasoaren ostean, eta oldarraldi horretan nazioarteko 9 ekintzaile erail bazituzten ere, Noak honako hau adierazi zuen: “Israelen inork ezin du sinetsi itsasontzi horretan Israelgo gobernuak inor nahita hil zuenik”.

 

Ez dakit Jazzaldiko antolakuntza batzordearen ekimena izan ote den Noaren kontzertua kontratatzea edo Israelek Espainian duen enbaxada izan ote den bere ordezkari  kulturalaren ikuskizuna eskaini diena. Dakidana da azken urteotan abeslari israeldarrak behin eta berriz bisitatzen dituela Euskal Herriko bazter guztiak, eta obsesio horren arrazoia ez dela gure lurrari dion miresmena, aitzitik, esango nuke kontzertu horien atzean Israelgo irudia normalizatzeko estrategia dagoela. Gasteizko Jazzaldiko antolakuntza batzordekoek keinu txalogarria egingo lukete, baldin eta Nazioarteko Legalitatearen defentsaren alde joko balute eta Noaren kontzertua bertan behera utziko balute. Tamalez, bestelako lehentasun komertzialak dituztelakoan nago. Baina eskumena daukaten erakundeek ezer egiten ez duten bitartean, Gasteizko zenbait eragile martxan jarri dira kontzertua Israelen gorazarre bilakatu ez dadin. Euskal Herriko kultura arloko zenbait eragilek gutun irekia helarazi diote Noari palestinarren giza eskubideen aldeko jarrera argi bat har dezan eskatzeko; Jazzaharrean, Alde Zaharreko jazzaldi alternatiboko antolatzaileek ere bat egin dute Noaren aurkako boikot deialdiarekin; eta kontzertua bertan behera gelditzen ez bada, ehunka lagun izango gaituzte aurrean ekitaldiaren normaltasun itxura apurtzeko. Noa, Israelgo apartheid erregimenaren aurpegi jatorra baino ez da, eta Gasteizen ez dugu apartheidaren erritmoan dantzatu nahi.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago