Zortzi abizen baskoak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko api. 16a, 15:13

Koldo Alzola

Ez dut egingo marka guztiak hautsi dituen ditxosozko filmaren kritika zinematografikorik, batetik zinemagintza ez delako menperatzen dudan jakinduriaren eremu bat, baina, batez ere, ez dut zinema-baloraziorik egingo, ikusi ez dudalako. Bai, aitortzen dut, modako luzemetraia ikusi ez duten gutxi horietako bat naiz, auto-baztertua, asoziala, out-siderra.

 

Itxarongo dut telebistan musutruk ematen duten arte eta orduan jakinaren gainean egingo dut egin beharreko kritika jantzia. Baina, zazpigarren arteko fenomenoa ikusi ez izanaren arrazoi nagusia pelikulak eragin dizkidan aurreiritzi guztiak izan dira. Bai, paradoxa dirudi, nik aurreiritziz betetako filmen aurka dauzkat aurreiritziak. Erdara traketsean hitz egiten duen euskaldunaren topikoa da horietako bat, euskal hiztun kaikuarena. Azkonari beste buelta bat ematearren, gainera, horrelako pelikuletan erdal aktoreak izan ohi dira gaztelaniaz nekez moldatzen den euskaldunaren pertsonaia antzezten dutenak, alegia, euskaraz urrundik ere ez dakiten erdaldunek egiten dituzte erdara traketsean aritzen diren euskaldunen plantak. Patetikoa, ezta? Euskal hiztunen ematen duten irudia bezain patetikoa. Garai bateko western filma haietan bezala. Orduan aktore ertamerikarrek antzezten zituzten ipar amerikako siuxak, edota peruarrek egiten zituzten txinatarren plantak. Gizon zuriaren ikuspegi etnozentrista murritzak arrotz guztiak zaku berean sartzeko joera dauka.

 

Horren kontura, gogoan daukat Iñaki Perurenak haren baserrira egindako bisitaldi batean utzi zidan irakaspena. Bere karrerako hastapenetan Leizakoak arazoak zituen erdal hedabideetan gaztelaniazko adierazpenak egiteko, trakets ibiltzen zen, ezin euskaraz berez duen hitz jarioaz aritu. Orduan, behin, kazetari erdaldun batek honelako tokiz kanpoko komentario batez apaindu zuen harrijasotzaileari egindako elkarrizketa bat: «como Perurena bien demuestra, los vascos son parcos en palabras…». Iñakik zera erantzun zion kazetariari berezko duen etorri handiaz: «nik, baldar bada ere, eta begirunez, ahalegina egin dut zure hizkuntzaz aritzeko… nola moldatuko zinateke zuk gureaz egingo bagenu? Totelka ez, mutu geratuko zinateke… kontua ez da ni hitz gutxikoa izatea, kontua da ez didazula hizkuntza egokian galdetu…».

 

Esandakoa, pelikula telebistan ikusitakoan egingo dut egin beharreko kritika, bitartean utz iezadazue euskaldunen kontura topikoak eta aurreiritziak elikatzen dituzten azpi-produktuen aurkako nire aurreiritziak elikatzen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago