Israelen garroak Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko ots. 20a, 09:02

Koldo Alzola

Iragan astean Catalunyako Negocis Ocults ikerketa taldeak argitaratutako bideoak hautsak harrotu egin ditu. Grabazioak aspalditik zabaldutako uste bat egiaztatu egin du, hots, mossos d'escuadra-koak Israelgo segurtasun enpresa pribatu batek, Guardian Homeland Security izenekoak, antolatutako ikastaroetan trebatzen dituztela.

 

Jazarpen eta gerra tekniketan formakuntza eskaintzen duen enpresa horrek adierazitakoaren arabera Ertzaintza eta Nafarroako Polizia Forala ere euren bezeroen artean daude. Tamalez, Israelen ikasitako zigor teknika horiek batek baino gehiagok probatu ditu bere hezurretan. Baina euskal polizia autonomikoa eta Israelen arteko harremanen emaitza haratago doa, estatu hebrearraren apartheid eta salbuespen neurriak gure hirian ezartzeraino.

 

EH-Palestina Sarea salatu berri duenez, azken urteotan 6 ekintzaile inputatu dituzte eta 18000 euroko isunak ezarri dizkiete Tel Aviveko Maccabiren aurkako boikot ekintzengatik. Israelgo kirol enbaxadoreak Gasteizen Baskoniaren oholtza bisitatu dituenetan egindako protesta ekintzek eragin dituzte zigor horiek.

 

Tel Aviveko Maccabik esku-hartze zuzena dauka armada israeldarraren gerra krimenei zilegitasuna emateko kanpainan, eta horregatik azken urteotan Israelen aurkako nazioarteko Boikot, Desibertsio eta Zigorren mugimenduko helburu garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Hori dela eta, elkartasun mugimenduak delegaritza sionistaren bisitaldiak normaltasunez gerta ez daitezen tematu da. Ahalegin horretan neurrigabeko jazarpenarekin topatu dira. Israelgo delegaritzak Gasteiz bisitatu duen guztietan gutxieneko adierazpen askatasun eskubideak urratu dira behin eta berriz. Elkarretaratzeak debekatu egin dituzte, publikoa miatu egin dute modu indiskriminatu batean, Palestinaren aldeko edozein ikur edo propaganda antzeman dute inongo justifikazio legalik gabe, ekintzaileak eta zaletuak identifikatu dituzte guztiz legalak diren leloak edota ikurrak eramateagatik. Horrek guztiak egiaztatu egiten du Tel Aviveko Maccabi, Israelgo ordezkaria izanik, babes diplomatikopean etortzen dela Gasteizera eta, ondorioz, bere jurisdikzioa ezartzen duela. Bestela ezingo litzateke azaldu zer dela eta hartzen diren ilegaltzat Israelgo legediaren arabera baino ilegalak ez diren ikur eta leloak. Testu inguru horretan Israelgo legedia jaun eta jabe denez, gaur egun 6 lagun daude inputatu ikur terroristak erakutsi izana leporatuta, guztiz legalak diren ikur edota leloak jende aurrean erakusteagatik, besteak beste, Palestinako banderak, edota apartheid eta sionismoaren aurkako leloak (gogora dezagun bandera eta lelo horiek guztiz legalak direla munduko herrialde guztietan, Israelen izan ezik). BDZ mugimenduko hiru ekintzaileri eta Indar Baskoniako hiru zaleturi 18000 euroko isunak ezarri dizkiete. Ikusten denez, ertzaintzaren eta Israelen arteko harreman lizunak ez zaizkigu musutruk ateratzen. Israelgo apartheid erregimenaren garroak Gasteizera ere iritsi dira.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago