Koldo Alzola
Garai txarrak dira Gasteizen kulturarako. Erakundeek, interes orokorra aitzakiatzat baliatuta, euren kordako sasi-artistei baino ez dizkiete babes eta baliabide publikoak ematen. Masa-espektakuluko azpi-produktuak hobesten dituzte bertako arte-produkzioaren aurrean. Gauza jakina da milioika euliek kaka gustuko badute, kakak, ezinbestean, ona izan behar duela.
Arte-ikuskizunetarako esparru publikoen kudeaketan alderdikeria da nagusi. Ikusi besterik ez dago zer irizpide erabiltzen dituen Udal Gobernuak aretoen alokairurako. Pantojari, koplakari espainola eta epaileen ebazpenen arabera ustelkeria delituaz errudunari, musutruk utzi zioten Mendizorrotza pabilioia bertan kontzertua egin zezan. Espainiarrak, baina, 40 eta 70 euro artean kobratu zituen sarrerako. Borobila negozioa! Antzera jokatu zuten Melendirekin, 170 euroko alokairu sinbolikoa kobratu baitzioten Iradier Arena erabiltzeagatik. Bestalde, Udal Gobernuaren irizpide ideologikoetatik urrun dauden beste ikuskizun batzuekin jokaera ez da berdina. La revolta permanet filmaren estreinako emanaldiko antolatzaileek 2000 euro ordaindu behar izan zituzten esparru berean martxoaren 3ko sarraskiaren inguruko pelikula proiektatzeagatik; eta Pirritx eta Porrotxek, Euskal Herriko pailazo ezagun eta maitatuenek 4500 euro... itxuraz, gure herriko oroimen historikoa eta haurren heziketa, gure herriko iragana eta geroa, ez dira interes orokorrekoak.
Hamar urte dira Betoñon garai batean komentua izandako eraikina arte-sorkuntzarako esparru bilakatu zutela. Egundoko dirutza inbertitu eta eraikuntza egokitutakoan, hor gelditu da ditxosozko Krea, hutsik. Hor ere bertako artistentzat tokirik ez, izan ere, itxura guztien arabera, AEBetako enpresa pribatu baten eskuetara pasako da aurki egoitzaren jabetza. Bestalde, artista lokalentzako zirrikitu bat uzten zuten zenbait proiektu porrotera joan dira Udal erakundeen utzikeriagatik, Amarika Aretoa kasu. Beste batzuetan, Gasteiz antzokiaren egitasmoarekin gertatu den bezala, hamaika aldiz aginduagatik, ezerezean gelditu da benetako borondate faltagatik.
Gauzak horrela, kulturaren egoera larria salatzeko eta bertako artistentzako esparru publikoak aldarrikatzeko, Gasteizko artista talde batek hitzetatik ekintzetara pasa eta lehenengo erakusketa klandestinoa antolatu zuen iragan astean. Minutu gutxitan eta klandestinitatearen babesean arte erakustaretoa bilakatu zuten Artium museoko aparkalekuetako azken pisua. Handik minutu gutxitara ehun bat lagun bildu ziren ekintza artistiko underground horren inaugurazioaz gozatzera. Akaso traba instituzionalen aurrean artea ere bere sorburura bueltatu beharrean dago, haitzuloetara. Izan ere, undergroudetik, lurrazpitik, errazagoa baita kultura instituzionalaren zutabeak deusestea.
{vimeo}89351958{/vimeo}
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.