Adur txarreko txorien mendekua

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko abe. 23a, 11:28

Koldo Alzola

 

Egin Ayllu Alde Zaharreko auzolagun taldeak pairatu berri duen zigor neurrigabearen albistea eman du bere webgunean (lagenterula.wordpress.com). Milaka euroko (4000 euro inguruko kopurua aurreikusten dute) kalte ordainari egin behar diote aurre hiriko ostalaritza enpresari talde baten azpijokoak argitaratu eta salatzeagatik.

 

Istorioak 2011ko apirilean du abiapuntua. Orduan, auzo kolektiboak  “Como vivís pajaritos” (Zuek bizi zarete, zuek, alproja horiek!) izeneko txostena argitaratu zuen. Argitalpen horretan salatu egin zuten erakunde publikoek lehentasunezko tratua ematen ziotela ostalari talde horri, diru-laguntzak eman eta euren gorazarre publikoa egiten zutela. Aldi berean, enpresari horiek zorrak zituzten administrazioarekin, desjabetze aginduak, eta zenbait espediente irekita, besteak beste, kontratazioetan ustezko trikimailuak egin zituztelako. Salaketaren jomugan punta-puntako zenbait taberna zeuden (ez ditut izenak idatziko neure burua auzotar horien trantze berean ez ikustearren… baina lagenterula webgunera jo besterik ez duzue egin behar jakiteko zein tabernataz ari naizen).


Hilabete batzuk geroago tabernari talde hori osatzen duten batzuek salaketa kriminala aurkeztu zuten prentsa agerraldian txostena aurkeztu zuten bi auzokideen kontra. Hasieran, epaitegiak inongo delitu zantzurik ez zegoela deliberatu zuen, izan ere, txostenean argitaratutako informazio guztia benetakoa izateaz gain, publikoa ere bazen; baina prozedura bat abiarazi zuen irainengatik. Auzitegiaren ebazpenaren arabera iraingarritzat hartu zitezkeen honelako adierak: pajaritos (txoritxoak), cuadrilla (koadrilla) eta avispados (biziak).


Argitalpenak harrotutako hautsaren ondorioz, 2011ko abenduan ARICHek komertzioa sustatzeko diru-laguntzak ukatu egin zizkien enpresariei. Udal agentziak diru-laguntza horiek ukatzeko baliatu zuen argudioa Egin Ayllukoen txosteneko argudio nagusi berbera izan zen. Orduan ostalariek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuten ARICHen ebazpenaren aurka. Udalak Egin Aylluren txosteneko argudio nagusiak baliatuta tabernarien aurkako auzia irabazi zuen epaitegietan. Alegia, auzokoei salaketa publiko hori egiteagatik zigorra ezarri zieten bitartean, Udalak euren argudio berberak erabili zituen bere aldeko epaia lortzeko eta tabernarien helegitea ezerezean uzteko.


Afera surrealista horren ondorioz, auzo taldeak milaka euroko zigorrari egin behar izango dio aurre; zirimolaren erdigunean dauden adur txarreko txori horiek, berriz, jarraitu dute negozioak irekitzen Alde Zaharrean (izenak lagenterula webgunean kontsultatu); Udalak jarraitu die lehentasunezko tratua ematen (ARICHek diru-laguntza ukatu zienetik gutxira Ekonomia Sustatzeko Udal Departamentuak eman egin zien); eta ni… ni urkamendiaren ertzean jartzen ari naiz neure burua istorio honen berri kontatzen ari natzaizuelako… Baten batek oraindik zalantzan jartzen bazuen herri honetako justizia zirko bat dela, honatx adibide adierazgarri bat. Nik, neure aldetik, egingo dut neure neurrirako justizia txikia. Noizbait okurritzen bazait taberna horietako batean sartzea ordaindu gabe joateko izango da, dirua Egin Ayllukoek elkartasunerako ireki duten kontu korrontean sartuko dut. Horixe izango da txori txiki honen mendeku txikia.

 


  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago