Gasteiz markaz lotsatuta

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko aza. 18a, 09:13

Koldo Alzola 

Iragan Irailean Mexikon zehar bidaian nenbilela Juchitan herrira iritsi nintzen. Tehuantepeceko Istmoa deritzoten eskualdean dago garai batean kokagune koloniala izandakoa, Ozeano Pazifikoa eta Atlantikoa gertuen dauden puntuan. Kale nagusian nenbilela manifestazio baten harrabotsa sumatu nuen eta kristauak mezetara nola euskaldunok manifetara hala erakartzen gaituen senak bultzatuta jende artera sartu nintzen kuxkuxeatzera.

Juchitan1Protestariek oihukatutako leloak, gainera, areagotu egin zuen nire jakinmina: «fuera españoles!» Tropela plaza nagusira iritsitakoan emakumeek hartu zuten hitza espainolen aurkako garrasien artean. Zapotekera hutsez ari ziren, Oaxaca eskualdeko bertako hizkuntzaz, baina tarteka publikoak gaztelaniaz oihukatutako leloei esker sumatu ahal izan nituen andre kementsu horien jardunaren nondik norakoak. Nire ondokoari arreta eman zion espainol batzuk ikustea espainolen aurkako elkarretaratze batean eta horrela jakinarazi zidan. Nik, noski, euskalduna naizela argitu nion. Orduan solaskideak protestaren zioa argitu zidan. Beste gauza askoren artean Tehuantepeceko Istmoa haize gogorrengatik da ospetsua, izan ere, bertako herritarrei Ikoots deitzen diete, haizearen seme-alabak. Haizea da bertako arrantzaleen belaontzien hauspoa eta haize errota tradizionalen motorea. Eta haizea omen da, halaber, bertakoen izaera bereziaren erantzulea. Euren berezko ezaugarriaz gain euren hondamendia ere bada, haizea energia iturritzat baliatzeko gaitasunak enpresa transnazionalak erakarri baititu eztiak euliak bezala (edo manifek euskaldunak bezala). Energia ustiatzeko enpresek haize errota erraldoiez bete dizkiete kostaldetik kostalderako lur eremuak, modu basatian, kontrolik gabe, ehunka kilometrotan zehar. Milaka nekazari mugiarazi dituzte euren jaioterrietatik, mehatxuz eta bortxakeriaz, bertakoen ustez espainola den enpresa baten erruz: Gamesa eolicas. Nik badakit Gamesa ez dela espainola, Gasteizkoa baizik, baina isildu egin naiz Euskadi marka edota Gasteiz marka ez zikintzearren, eta utzi diet «fuera españoles!» oihukatzen, «fuera vascos!» oihukatu beharrean.

 

 

Juchitan2

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago