1500 pertsonen gorpuak birrindutako etxebizitzen hondakinen artean odolusten nabarmenegiak dira ez ikusiarena egiteko. Denok ikusi ditugu irudiak, eta ikusi ditugu Tel Aviveko Maccabiko jokalariak sarraskia burutzen ari ziren soldadu israeldarrekin hitzaspertuan, sinadurak eta argazkiak trukatzen, munduko laugarren armada boteretsuenaren gorazarrerako. Denok dakigu egoera ez dela normala, Maccabi ez dela saski baloi talde bat, Israelgo estatuaren politika genoziden enbaxadorea baizik, estatu sionistaren armadaren triskantzak zuritzeko nazioarteko iritzi publikoaren aurrean aurkeztu beharreko irudi sinpatiko bat.
Tel Aviveko Maccabi eta Israelgo armadak 2009an burututako sarraskiaren arteko loturak ezagunegiak eta publikoegiak dira ezaxolarena egiteko. Ezagunegiak eta publikoegiak dira, halaber, maccabeoek Gasteiz bisitatu duten bakoitzean hirian zein Zurbanoko pabilioian bertan antolatu diren protesta ekitaldiak. Nabarmenegiak dira erakundeetan aurkeztutako mozioak; antolatutako elkarretaratzeak, manifestazioak eta mintegiak; pabilioian bertan egin diren protestaldi ikusgarriak eta ekintza zuzenak… eta hala eta guztiz ere, oraindik badago elefante bat ikusi duela ukatzera ausartzen dena. Eman diezaiogun, bestela, errepaso bat prentsa lokalari, Maccabiren aurkako boikot kanpainaren aipamen nimiñoenaren arrastorik ez. Chileko edo Palestinako hedabide espezializatuetara jo behar dugu Gasteizen antolatutako mobilizazioen berri izateko (palestinalibre.org, alternativenews.org). Hemengoek ez dute ezer ikusi, edo ez dute ezer ikusi dutela aitortu nahi. Israelgo Haaretz egunkarian ere, egin diete aipamena Gasteizen euren kirol ordezkariaren auka antolatutako protestei, ez dira ez-ikusiarena egitera ausartu. Tira, neuk esango nuke gelan elefante bat dagoela. Ez dakit zuei, baina niri hau guztia ezohikoa iruditzen zait, eta nire osasun mentalaren hobe beharrez uko egiten diot normaltasunez onartzeari. Akaso beste batzuk izango dira onddoen eraginez-edo errealitatearen pertzepzioa distortsionatuta daukatenak, edo akaso, kazetari-etika aspaldi galduta, pakidermoaren presentzia ukatzen jarraitu nahi dutenak.