Gizajoak ez zekien, nonbait, debeku horretatik salbuetsita daudela hiru metrotik gorako zabalera duten espaloiak. Baina bost axola berari legeak zer dioen, araudi berriak aitzakia ematen dio bere frustrazioa azalarazteko eta inork eman ez dion autoritatea txirrindulariari aurpegiratzeko. Egun batetik bestera kaleko usadio onen zaindari bilakatu da, barruan daraman polizia esnatu egin da. Oporretan hiritik atera aurretik Hirigunean Bizikleta Erabiltzeko Araudiarena iragarpena baino ez zen, itxuraz, irailean abian jartzekoa zen proiektua. Dagoeneko ordenantzak lortu du bere emaitza, bizikleteroak kaleetako arerio arriskutsuenak bilakatzea.
Gertaeraz kezkatuta afera komentatu nuen hiri txirrindularien arteko kalaka batean. Denek zeukaten pasadizo tamalgarriren bat kontatzeko. Batek, bi urteko semea bizikletaren atzealdean egokitutako aulkitxoan zeramala, espaloi gainean ibiltzea hobestu zuen haurraren segurtasunagatik. Berehala egin behar izan zion aurre oinezko baten haserreari, betiere araudi berriaren izenean, espaloia utzi eta errepidean ibiltzeko ohiukatu zion moral onaren zaindari suminduak. Lagunak ezetz, inola ere ez zuela errepidean ibili behar umea aldean zeramala. Beste batek gidari batekin izan zuen kalapita. Txirringaz errepidean zebilela autokoa irainka eta mehatxuka hasi zitzaion, nola ez, bizikletaren ordenantza berria argudiatuz, errepidetik atera eta bidegorrian ibiltzeko exijitu zion, inguruan inongo bidegorriren arrastorik ez bazegoen ere. Eta horrela joan ziren, hurrenez hurren, nork bere esperientzia txarrak kontatzen. Kaleetako zaindari bolondresak oldartuta dabiltza bat batean, horixe izan zen aho-bateko konklusioa. Araudiak hiritar zintzo askok barruan daramaten polizia esnarazi eta gatazkaren txinparta piztu du.
Ez naiz hasiko hirian bizikletaz ibiltzearen onura ekologikoak, ekonomikoak, eta osasun arlokoak zerrendatzen; askotxo idatzi da-eta horretaz. Ez ditut balantzaren bi aldeetan jarriko espaloian edo errepidean gertatutako istripuen ondorioak (galde diezazkiotela iragan asteburuan gidari mozkor batek harrapatu zuen txirrindulariari). Alferrikakoa da ulertu nahi ez duenari ulertarazten saiatzea. Horrexegatik jarraituko dut txirringaz ibiltzen, nire jarrera intsumisoa aitortzen dut legedi txatxu horren aurrean, eta dei egiten diet hiri txirrindulari guztiei desobeditu diezaioten araudiari. Eta zuri, barruan daramazun txakurra esanarazi berri duzun hiritar zintzo orojakile horri, ohar bat: errespetu osoa dizut... baina ez nauzu kaletik ateraraziko. Ikusiko dugu elkar karriketan, errepideetan, espaloietan...