Ditxosozko bataila

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko eka. 21a, 09:00

ditxosozko-batailaKoldo Alzola 

Egunotan hedabide ofizialek behin eta berriz gogorarazi digute gasteiztarroi saihestezinezko zita bat daukagula Gasteizko Batailako bigarren mendeurrenaren ospakizunekin. Foru Aldundiko Kultura Sailak ere aurtengo aurrekontuetako zati handi bat efemeride horren gorazarrerako bideratu du, beste proiektu kultural askoren kalterako. Eta erakundeek zein erregimenaren prentsa kutunak gertaera hura goraipatzeko ahalegin berezia egiten badute ere, inork gutxik ulertzen du zer demontre ospatu behar dugun.


Historiaren birkontaketa ofizial manikeoaren arabera; britaniar, portugaldar eta espainolek osatutako gudaroste “askatzaileek” frantziarren okupaziotik libratu gintuzten. Ez da erudito bat izan behar ohartzeko historiaren irakurketa sinplista eta interesatu horren atzetik, herri honen ustezko espainartasuna aldarrikatzea eta ospatzea beste interesik ez dagoela. Baina irakurketa historiko sakon eta zorrotza egin gabe, ausartuko nintzateke esatera, duela bi mendeko gasteiztarrentzat guztiz arrotzak zirela batzuk zein besteak, okupatzaileak zein sasi-askatzaileak, eta okupazio frantziarraren zamatik askatuta sentitu baino, bi armadaren arteko norgehiagokaren zeharkako kalteen biktimak izan zirela orduko arabarrak. Toti Martinez de Lezeak “La Brecha” izeneko eleberrian armada aliatuak Gipuzkoan burututako sarraskien kontaketa nobelatua egin zigun; eta Gasteiz hiria aliatuen arpilatzetatik, lapurretatik, triskantzetatik eta bortxaketatatik libratu omen bazen ere, gerra guztietan bezalaxe, eskualdeko herritar askok larrutik jasango zituzten ustezko “askatzaileen” barrabaskeriak. Beraz, ez dut uste, ez kasu honetan, ez beste inon, talka militar bat ospatzeko moduko gertakizuna denik.

Baina ditxosozko urteurrenaren inguruan pentsaera bakar ofizialarekin bat ez datorren gogoeta bat edo beste ere izan da. Horra hor Juan Ibarrondok azken egunotan Diario de Noticiasen atalka argitaratutako istorioa. Fikzio-historia ariketa batean gaur egungo Gasteiz irudikatu du, baina bestelako abiapuntu batetik hasita, frantziarrek indar aliatuen aurkako gatazka irabaziko zuketen kasuan. Seguraski gure gaurko bizimodua ez litzateke oso bestelakoa izango, galoek irabazi izan balute, edo Gasteizko bataila Gasteizen baino Pankorbon egin izan balute. Akaso errepublika laiko  batean biziko ginateke, eta benetako hezkuntza sistema publiko eta laikoa izango genuke, eta 62 urterekin erretiratuko ginateke, eta gure soldata orain dugunaren halako bi izango litzateke, eta etxebizitzaren prezioa gurearen erdia, eta lan baldintza duinagoak izango genituzke, eta dentista dohainik, eta café au lait, eta eau de toilet... baina, horretaz aparte, gure bizimodua ez litzateke oso bestelakoa izango. Orduan, norbaitek azalduko al dit zer demontre ospatu behar dugun?

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago