Maccabiri boikota eta apartheidaren amaiera

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko ots. 25a, 09:16

Koldo Alzola

Iragan igandean Israelgo Haaretz egunkariko kazetari batek, Gideon Levyk, honako hau adierazi zuen Jerusalemen egindako hitzaldi batean: «egunen batean Europako saski baloi federazioak Tel Aviveko Maccabiri betoa ezartzeko erabakia hartzen badu, Palestinako okupazioak ez du iraungo bost minutu ere».

Horrelakoxea da kirolak arlo politikoan duen eragina. Askok kirol-jarduera eta politika nahastu behar ez direla uste duten arren, ukaezina da kirola kirol izatetik masa-ikuskizuna izatera pasa zenetik batekoek zein bestekoek espektakuluaren xarma jendetzaren pentsaeran eragiteko baliatu egin dutela. Historia oparoa da adibideetan. Gogoratu besterik ez dago, zer etekin propagandistiko atera zieten naziek 1936ko Berlingo joko olinpikoei; edo Videla diktadoreak Argentinak 1978an irabazi zuen munduko futbol txapelketari. Sionismoaren ideologoek ere, kirolak duen eragin propagandistiko horren jabe, kirol taldeak baliatu dituzte Israelek nazioarte mailan duen irudi publiko kaltetua samurtzeko.


Zurikeria estrategia horren kapitulu tamalgarrienetako bat Tel Aviveko Maccabik berak burutu zuen 2009ko urtarrilean. Orduan, Israelgo armada Gazako Zerrendako populazio zibilaren gainean “berun urtua” izeneko operazioa burutzen ari zen bitartean, maccabitarrek propaganda-erreportaia argitaratu zuten euren webgune ofizialean operazio militarrari sostengua eta zilegitasun itxura emateko. Albiste horren arabera taldeko izarretako hiruk; Lior Eliyahu, Omri Casspi, eta Marcus Fizerrek; bisita egin zieten Gazan ari ziren Israelgo armadako soldaduei; opariak banatu, autografoak sinatu, eta haiekin lagun giroan solasean ibili ziren. Bien bitartean, handik 300 metro eskasetara, ejerzito horrexek berak fosforo zuri zaparrada jaurtitzen ari zitzaien Gazako herritar babesgabeei. NBEak Palestinan duen Giza Eskubieetarako Irakurleak, Goldstone txostenean, triskantza hura gerra krimena izan zela ebatzi zuen. Beraz, sarraski hari emandako sostengu publikoa eztabaidaezinezko zantzua da taldeak gerra krimenei emandako laguntza erakusteko.


Goizago edo beranduago Europako kirol erakundeek betoa ezarriko diote Israelgo ordezkariari, eta Gideon Levyk zioen bezala, beto horrek gertaera politikoen kate bat eragingo du, harik eta apartheid erregimena bertan behera erori arte. Halaxe gertatu zen Hego Afrikan errugbi selekzioari nazioarteko boikota ezarri zitzaionean. Gertaera horixe izan zen aparheidaren amaiera eragin zuen inflexio puntua. Kontua da, etorkizun labur batean hori gertatzen denean, lubakiaren zein aldetan izango gara gu? Israelgo aparheidaren amaiera ekarri duten aldaketen eragileen aldean, edo azken momentura arte apartheidaren sustatzaileei harrera adeitsua egin dietenean?

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago