Beste buelta bat azkoinari

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko urt. 21a, 09:46

Koldo Alzola


Zorioneko herri honetan zure harritzeko gaitasunak gainezka egin duela uste duzunean, beti gertatzen da ahoa bete hortz uzten zaituen beste bidegabekeriaren bat. Halaxe gertatu da azken aldian Gasteizko Alde Zaharrean, izan ere, hemen estatu errepresioaren azkoinari beste buelta bat eman diote auzoko festak Espainiako Auzitegi Nazionaleko jomugan jartzeko.

Iragan urtarrilaren 8an hamaika auzokidek auzitegi berezian deklaratu behar izan zutenDignidad y Justiciaeskuin muturreko erakundeak jarritako salaketa bat tarteko. Gasteiztarrek Zaharraz Harro jai egitarauaren barruan antolatutako kalejira batean hartu zuten parte, helburua auzuneko presoen senitartekoei bizilagunen elkartasuna helaraztea zutelarik. Martxan zehar auzoko presoak kartzelaratuta dauden espetxeetarako kilometroak agertzen zituzten kartelak erakutsi zituzten, auzoko jaietako zapia jarriz omendu zituzten haien ahaideak, eta salaketak hitzez hitz dioenaren arabera «baskuentzezko bertsoak errezitatu eta aurreskua dantzatu ere egin zuten». Hamaika ikusteko jaioak gara! Salatariek delitutzat daukatena, beraz, euskarazko bertsoak botatzea da, ez bertsoek diotena, izan ere, deklaratzeko eskabidearekin batera auzitegiak bertsoen edukia itzul dezaten eskatzen baitu. Baina bertsoak ateratzeko modukoa dena aurreskuarena da, infernuko sorgin dantza madarikatu horrena. Hori ere delitu frogatzat hartzeak adar jotze makabroa dirudi. Baina astakeria horiez guztiez gainera Orden Publikorako Auzitegia haratago joan da. Azkoinari beste buelta bat eman eta PPko Barcenasen beraren aurka ere aginduko ez zukeen ikerketa jarri du abian. Erantzukizunen azken muturrera iritsi nahian, Zaharraz Harroko jai batzordearen eta Barrenkale auzo elkartearen kontrako ikerketa agindu dute, eta baita kalejiraren bideoa Youtuben sartzeko ausardia izan zutenen kontrakoa ere.


Kalejiraren aferaren haritik tiraka jarraituz gero, Zaballako presondegia txiki geratuko zaie Alde Zaharreko auzokide guztiok gatibu sartzeko, hobe lukete, akaso, sionistek Zisjordanian egiten duten moduan auzune inguruko harresi bat eraiki eta bizilagun guztiok preso bilakatzea... baina ez diet ideiarik emango. Nolanahi ere, azkeneanDignidad y Justiciaerakundearen salaketa, seguraski, ezerezean geratuko da, eginbide serioa baino funtsik gabeko adar jotze makabroa besterik ez baita. Baina Madrilgo auzitegietara joan behar izatea eta nork bere burua auzi zoro horretan harrapatuta ikustea, berez, bada zigor nahikoa. Eskarmentuak erakutsi digu azkoina kalitate oneko altzairuzkoa izan ezean, pitzatu egiten dela gehiegi estututakoan. Eta Espainiako demokrazia ez da, hain zuzen, oso kalitate onekoa,todoaciendenda batean erositakoa baizik. Egunen batean azkoina kraskatu egingo da. Bitartean auzo honek bizirik dirauen heinean, auzokoekiko elkartasunaren eredu izaten jarraituko du. Baita preso daudenekin ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago