Gasteiztar askoren beldurra astindu duen alarma gezurretakoa da, Hala Bedi irratiak prestatutako fikziozko albistegiaren antzezpena baino ez. 2004an Gasteizko irrati librekoek “G egitasmoa” izeneko irrati fikzioa emititu zuten. Haren bidez, garai batean Orson Wellsek “munduen gerran” egin zuen moduan, sinestarazi nahi izan zieten entzuleei Garoñako zentral nuklearrean istripu bat gertatu zela, eta baita lortu ere. Esperimentuarekin bi kezka utzi zuten agerian; batetik, jendeak itsu-itsu sinisten duela hedabideek ontzat ematen duten edozein berri, eta bestetik, Garoñak eztanda egin duen albistea guztiz sinesgarria dela, eta hala gertatuz gero, ez dagoela tamaina horretako ezbehar bati aurre egiteko inolako neurririk.
Garoñaren presentzia mehatxugarriaren aurkako herri mugimendua historikoa da Araban. Hamarkadak daramatzagu, urtez urte, kalera ateratzen zentral nuklearra itxi dezaten aldarrikatzera; akanpadak, mahai inguruak, protesta ekintzak ere egin ditugu. Erakundeetan ere mehatxu nuklearra gaitzezteko hamaika adierazpen onartu dituzte. Eta azkenik iritsi da unea. Iritsi omen da Garoña behin betiko itxi duten eguna. Baina ez dute itxi hiritarren edota ingurugiroaren segurtasunarekiko begiruneagatik, baizik eta jardunean jarraituz gero urtarriletik aurrera ordaindu beharko zuketen isun erraldoia saihesteagatik. Hala ere, itxieraren berri izan orduko txanpain kopa bat eskuan garaipenagatik topa egin dugunean, sinestarazi nahi izan diogu elkarri geu izan garela Garoña itxi dugunok, garaipen txiki horiexek baitira borrokan jarraitzeko hauspoa ematen digutenak.