Zorigaiztoko albiste hartatik dagoeneko bi hilabete pasatxo igaro dira, eta azkenik Ahmed onik dago auzoan bueltan. 70 egun luze horietan atzerritarrentzako konzentrazio esparru batean izan zuten gatibu, Madrilen; handik berea ez zen Afrikako herrialde batera bidali zuten, kartzelara; hango erakundeek kanporatze ilegala ezeztatu eta ferry batean sartu zuten penintsularako bueltan; eta azkenik, gora behera horien guztien ostean, bere azken hemeretzi urteotako bizitokira bueltatu da, Gasteizko Alde Zaharrera. Ahmedena, hala ere, ez da gisa horretako gertaera bakarra izan, ezta ohikoena ere, zorionez amaiera ona izan duelako. Auzuneko bizimoduan ongi errotuta zegoenez, Ahmedek auzotar askoren babesa izan du, eta beste askok ez daukaten babes legala ere bai, eta horregatik, hain zuzen, atera da onik trantze horretatik. Baina, tamalez, asko dira horrenbesteko zorte onik ez daukatenak, are gehiago azken aldi honetan; arrazaren araberako kaleko miaketak, identifikazioak eta atxiloketak biderkatu egin direlako auzunean. Azken hilabeteotan, agintari politikoek eta hedabide ofizialek elkarlanean bultzatutako kriminalizazio kanpaina baten harira, atzerritik etorritako bizilagunak jarri dituzte jomugan kolore guztietako indar polizialek, eta Ahmed bezala, asko dira ustekabean eta isilean desagertaratzen dituztenak. Oraingo honetan auzolanak erakutsi du eraginkorra izan dela auzokide galduaren bahiketak amaiera ona izan zezan (ez dakit auzo mobilizazioa edo Espainiako poliziaren baldarkeria izan ote den Ahmeden itzuleraren eragilea, baina utzidazue sinesten zer ikusirik izan dugula horretan). Tamalez, susmoa daukat Ahmedena bezalako bahiketa gehiago izan eta izango direla, eta auzuneko biztanleriaren zati bat arrazoi etnikoak tarteko garbi ez dezaten, oraingoan bezala babes sare auzotar bat irun behako dugu. Ekin diezaiogun lanari.