Balizko boto emaileak liluratzeko lehian protagonista nagusi bat izan da Gasteizen, xenofobia. Batzuek atzerritarrarekiko beldurra baliatu dutelako krisialdi garaian botoak bereganatzeko, eta diskurtso arrazistei kontra egin behar zietenek saihestu egin dutelako. Garai batean politikoki ez-zuzenagoa zen jende aurrean iritzi xenofoboak agertzea baina egun politikariek ere baliatu egiten dituzte hiritarrak limurtzeko. Horixe izan da, Gasteizko alkateak kanpainian erabili duen estrategia; alegia, gaitz guztien jomugan etorkinak, azal ilunekoak, ijitoak eta oinarrizko errenta jasotzen dutenak jartzea. Denak zaku berean. Eta bere mehatxuak bete egiten dira, asko baitira hauteskunde garaian poliziaren jazarpena pairatu duten auzokoak. Kolektibo horietakoak denak. Zenbait desagertarazi ere egin dituzte. Tantaka eta ia oharkabean eramaten dituzte gure bizilagunak, paperik ez dutelako, beste nonbait jaioak direlako. Hori bai, hemen, beste herrialde batzuetan ez bezala, isilean eramaten dituzte. Isil-isilean kaleak garbitu egiten dituzte.
Arrazismoa goraka omen doa Europa osoan. Krisialdi ekonomikoaren aitzakian eskuin muturrekoek, ordezkaritza gero eta zabalagoa ari dira lortzen erakundeetan. Horra hor Frantziako Le Pen, edo Greziako “Urrezko Egusentia”, edo Italiako “Ipar Liga”. Gurean, aldiz, ez da beharrezkoa alderdi neonazirik. Betiko eskuina da korronte xenofoboaren errekan amua botatzen duena, kanpotarrarekiko beldurraz elikatzen dena. Eta kontra egin behar zietenak, hiritar xume guztien oinarrizko eskubideen defendatzaileak izan beharko luketenak, badaezpada ere, mutu daude; izan ere, xenofobiak botoak ematen baditu, jende aurrean anti-arrazista agertzeak akaso kenduko dituelako. Hauteskundeetako diskurtsoetan zein nagusitu den, beraz, argi dago. Eta ez dator bat boto metaketak ematen duen emaitzarekin.