Halaxe esan zidan harekin azken aldiz hitz egin nuenean: «beste inongoa baino, Euskal Herrikoa naiz, hemen bizi izan bainaiz beste inon baino gehiago. Burgosera itzuliko banintz ez nuke ezagutu ere egingo». Zorigaiztoko arratsalde hartan, egunero bezala, Antonio paseoan zebilen Iparralde parkean txakurrarekin. Halako batean, identifikatu gabeko bi lagunek geldiarazi, eta inori abisua emateko astirik eman barik, bahitu zuten. Albisteak asaldatu egin ditu gasteiztarrak. Alderdi politiko guztiek, aho batez, gaitzetsi egin dute Alde Zaharreko bizilagunaren desagerpen bortitza; hedabideek salatu egin dute bahiketa eta familia, lagun, zein auzokoen testigantzak jaso dituzte; Gasteizko gizarte osoa atsekabetuta dago.
Demagun orain, bahitu bai, bahitu egin dutela Alde Zaharreko auzotarra; eta hemeretzi urte zeramatzala Gasteizen, bere jaioterrian baino gehiago; eta hemengoak zituela bikotea eta lagunak; eta Iparralde parkean txakurra paseatzen ari zela bi ezezagunek desagertarazi egin dutela... baina desagertua ez da Antonio, Ahmed baizik; eta ez zuten Burgosen munduratu, Afrikako txokoren batean baizik. Orduan, albistea ez da hain asaldagarria, ez du merezi titularrik komunikabideetan, ezta aipamen laburrik ere prentsa lokalean; eta are gutxiago politikoen gaitzespenik. Nortasun Agiri batek, plastiko zati txiki puta batek baino ez ditu bereizten, baina Ahmed maite dugunoi berdin egiten digu min bere hutsuneak.