Autogestioa, goraka kotizatzen duen balioa

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2012ko uzt. 23a, 09:28

Koldo Alzola

 

Krisialdi garaiek murrizketak dakarzkigu eta murrizketetako kaltetuenak ahulenak izan ohi dira beti. Bankuak erreskatatzeko aurrekontuak ez daude kolokan; azpiegitura estrategikoei ere, Abiadura Handiko Trenari, kasu, ez diete sosik kenduko; eliza katolikoari bideratzen dioten diru mordoa ere ezin da ezbaian jarri.

Bestalde, gero eta ugariagoak dira diru laguntzen murrizketen ondorioz euren jardueraren iraupena arriskuan ikusi duten kolektiboak. Guraizakada pairatzen lehenak, betiko moduan, ahulenak izan dira. Gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta jasotzeko beharrean dagoen jendeak gero eta traba gehiago pairatzen ditu eskubide hori bermatua ikusteko; kultura eta artegintzan jarduten duten kolektiboek ere aspaldi salatu dute kultur jarduera asko bertan behera gelditu direla subentzioak erretiratu dizkietenetik; euskalgintza arloko eragileek ere gorriak ikusiko dituzte hemendik gutxira. Kaltetuen zerrenda azken kate mailatik hasi eta goraka doa.

 

Baina badira erakundeekiko menpekotasunaren gurpil zoro horretatik kanpo biziraun dutenak eta, ondorioz, lotura ekonomikorik ezean, sorgin ehiza horretatik libratu direnak. Zenbait hedabidek egoera ekonomikoak itota ateak ixteko arriskuan daudenean, proiektu komunikatibo autogestionatu batek, Gasteizko Hala Bedi irrati libreak, erronka berri bati aurre egin dio, alegia, azken hogeita hamar urteotako irratiaz gain euskara hutsezko bigarren irrati emisioari ekiteko asmoa agertu du. Gasteizko auzune askok kolokan ikusi dituzte aurten auzoko jaiak Udalak diru laguntzak murriztu dizkietelako, Alde Zaharrean, berriz, urteroko festa autogestionatuak, “Zaharraz Harro” izenekoak, inoiz baino indarberrituago etorri dira eta auzotar bolondresek osatutako egitarau oparoaz. Erakundeekiko menpekotasunaren logikatik kanpo sortutako egitasmoak inoiz baino sendoago eta iraunkorrago agertzen dira. Krisialdi  garaietan autogestioak goraka kotizatzen duen balioa den seinale.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago