Futbola ez, politika bai

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2012ko eka. 25a, 10:56

Koldo Sagasti

 

Behingoagatik futbolaz arituko naiz. Edo hobeki esanda, futbola baliatuko dut futbola ez denaz aritzeko. Madarika nazatela horregatik kirol jarduera eta politika nahastu behar ez direla uste dutenek.

Madarika nazatela, baina oker daude, izan ere, kirola kirola denetik politikari lotua izan da, ezinbestean, zikinkeria azkazalei bezala. Harriduraz ikusi omen zuten askok errege kopako finala monarkiaren aurkako protesta zaratatsua egiteko probestu izana, baina ez zuten zertan, kirola politika tresna gisa erabili baita beti. Gogoratu besterik ez dago, bestela, zer etekin propagandistiko atera zieten naziek 1936ko Berlingo joko olinpikoei; edo Videla diktadoreak Argentinak 1978an irabazi zuen munduko futbol txapelketari; edo gure oroimen kolektiboan iltzatuta daramagun Tommie Smith eta John Carlosen keinua, 1968ko Mexikoko olinpiadetako podiumean burumakur eta ukabila gora beltzen harrotasuna aldarrikatu zuena; edo Iribar eta Kortabarriak 1976an ikurriña atera zutenekoa. Gertuago dauzkagu, halaber, Tel Aviveko Maccabiko jokalariek 2009ko urtarrilean Gaza bonbardatzen ari ziren soldaduei babesa emateko ateratako argazkiak. Kirola eta politika uztartzen dituen adibideen zerrenda amaitezina da, eta lotura hori ikusi gabe jarraitzen duenak galde diezaiola, bestela, Mahmoud Sarsaki, Palestinako futbol selekzioko jokalariari. Aurrelari gazatarra partida bat jokatzeko Nabluserako bidean zihoala atxilotu, torturatu, eta Ashkeloneko kartzelara bidali zuten, inongo kargu edo salaketarik gabe. Hiru urte eman ditu Israelgo ziegetan. Egoera zentzugabea salatzeko gose grebari ekin zion martxoaren 19an, eta hiru hilabete pasatxo geroago, hil zorian dago. Ni beti kritikoa izan naiz Europako jokalari ospetsu milioidun horiek euren inguruan gertatzen denari ez axola, euren kontu korronteak baino ez baitituzte gogoan. Beti pentsatu izan dut gizartean duten oihartzuna baliatuko balute euren jarrera eraginkorra izango litzatekeela giza eskubideen gaineko arazoen gainean arreta deitzeko. Kasu honetan, kirol izar horietako baten adierazpen xume batek egundoko eragina izango luke Mahmouden egoera ezagutarazteko. Onartu behar dut, beraz, harriduraz eta pozez hartu nuela iragan ekainaren 8an Espainiako ligako zenbait jokalarik sinatu zuten elkartasun adierazpena. Atlhletik, Osasuna, Zaragoza eta At. Madrid taldeetako kapitanek, besteak beste, Mahmouden egoera larria salatu eta elkartasuna adierazi zioten idazkian. Eta egun batzuk geroago FIFAk berak ere palestinarraren egoeraren inguruko kezka azaldu zuen. Behingoagatik txalotzekoa da kirolari horien duintasuna eta jarrera konprometitua hartu izana, baina tamalez, albisteak ez du apenas oihartzunik izan, kazeta lokal gutxi batzuen berri laburren atalean galdu da. Seguruenik, jokalari horiek eurek orkatila bihurritu izan balute, albisteak mundu osoari emango zion buelta. Izan ere, zenbaiten ustez, futbola ez da politikarekin nahastu behar.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago