Kanpotik berdea, barrutik beltza

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2012ko mai. 24a, 12:54

Koldo Alzola

 Zer dela eta zer dela, kanpotik berdea eta barrutik beltza dena? Ezetz asmatu. Emango dizut pista bat. Itxura berdez mozorrotu dute, baina azala baino ez diote aldatu, izan ere, berdea dela iragartzen digun logotipoagatik izango ez balitz, inork gutxik sumatuko luke hala dela. Plaza erdian paratutako eta pipiek jandako goroldiozko ikur erraldoia da haren kondizio berriaren adierazle bakarra.

Zorionekoagoak garela diote, “green” izendatu zutenetik, baina bertan bizi garenok ohore horrek dakartzan abantailak igarri ez eta geruza berde horren azpian barren beltza ezkutatzen den susmotan gaude. Eta lurrazpiko mami beltz hori ere adiera anglosaxoi batez bataiatu dute: “fracking”. Fracking-a lurrazpiko gasa ateratzeko zatiketa hidraulikoaren bidezko ezohiko teknika omen da; alegia; ura, hondarra eta zenbait produktu kimiko presio handiko txorrotan injektatuz harkaitzetan sartuta dagoen gasa azalarazten duen prozedura. Eusko Jaurlaritzako bulego batean aukera paregabea ikusi dute altxor ezkutu horri 30.000 milioi euroko etekina ateratzeko, eta ziztu bizian abiatu dira AEBetara gure lurraren kontura negozioa egitera (nork ez ditu oroitzen ETAk ekintza armatuak bertan behera utzi behar zituela iragarri ostean Patxi Lopezek Washington eta New Yorken arteko tren batetik egindako larrialdiko adierazpenak?). Kontatu ez digutena, baina, zera da, teknika horretan baliatzen diren gai kimikoek lurrazpiko zein lurrazaleko urak eta, oro har, lur osoa kutsatzeko izugarrizko arriskua dakartela, eta, horregatik hain zuzen, teknika hori debekatuta dagoela Erresuma Batuan, Frantzian eta AEBetako Washington eta New York estatuetan ere. Iritzi publikoaren bizkarrean, isilean, pozoi beltz batez blai egin nahi digute lurra, sos batzuen truke; eta aldi berean, estaldura berdez mozorrotuta, “green” garela sinestarazi nahi digute, eta zorionekoak garela litekeen hiririk ekologikoenean bizi garelako. Zer dela eta zer dela, kanpotik berdea eta barrutik beltza dena? Dagoeneko asmatu al duzu? Bada, Gasteiz izan liteke, edo sagar ustel bat... edo biak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago