30000 baietz!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko aza. 5a, 01:00

Koldo Alzola

Javier Marotok jatorri magrebiarreko gasteiztarren kontra burututako gurutzadak ez digu atsedenik ematen. Eta, itxura guztien arabera, ez digu emango harik eta hauteskundeetan gizartearen sektore ezjakin eta arrazista zabal baten botoak bereganatzen dituen arte. Izan ere, gutxieneko informazioa eta espiritu kritikoa duen edonork segituan sumatuko zuenez, alkateak bultzatutako kanpaina xenofoboaren funtsa bozkak harrapatzea baino ez da, ondotxo dakielako hiritar askok euren aurreiritzi arrazistak elikatuko dituzten argudioen egarriz daudela, argudio horiek faltsuak edo manipulatuak badira ere.

 

Gauza jakina da Marotok etorkinen aurkako bere salaketak egiaztatuko dituen daturik ez duela, eta bere argudioak iruzur hutsalak direla; halaxe erakutsi du, besteak beste, Egin Ayllu auzotar taldeak argitaratutako txostenak. Baina ez dira bakarrak izan. Itzal handiko beste eragile batzuek ere altxatu dute ahotsa auzapezaren arduragabekeriaren aurka, esaterako, oposizioko alderdiek edota Sindikoak berak. Azken astean alkatearen ahoberokeriak lotsagarri utzi dituena Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketarako Sailaren txostena izan da, bertan plazaratutako datuek ere kolokan uzten baitute kontserbadorearen diskurtsoa.

 

Gauzak horrela, pentsa genezake Marotok, kritiken zamaren eraginez gainezka eginda, atzera egin behar zuela; edo sikiera mingaina ipurtzuloan sartu eta burua zulo sakon batean ezkutatu behar zuela… Baina ez, kikildu beharrean, Gasteizko gurutzatuak inoiz baino irmoago heldu dio sarrazenoen kontrako oldarraldiari. Bere azken burutazioa izan da DBE (Dirusarrerak Bermatzeko Errenta) murriztea, edo hobeki esanda, espresuki etorkinei eragingo dieten aldaketak ezartzea; baina ez bide arruntean, Lege Ekimen Herrikoi baten bidez baizik. Marotok, alkateaz gain legebiltzarkidea ere badenez, eskura izango luke, nahi izanez gero, bide ofizialetara jo eta lege proposamen bat eramatea Legebiltzarrera. Baina berak badaki hori ahalegin antzua izango litzatekeela, ezerezean geldituko litzatekeelako, eta, batez ere, ez lukeelako apenas oihartzun mediatikorik izango. Hortaz, horra hor putzontziaren harrikada: 30000 sinadura biltzea LEH Legebiltzarrera helarazteko. Sekula ikusi gabea! Lege proposamenak aurkezteko eskumena duen diputatu batek historikoki herri mugimenduarena izan den tresna bat baliatzea, sinadura bilketa, Legebiltzarrera lege proposamen bat eramateko… Jamaika ikusteko jaioak gara! Jakin beza alkate jaunak horrelako tresnak eskubideak aldarrikatzeko baliatu izan direla beti, politikarien axolagabekeriaren aurrean herriaren ahotsa erakundeetara helarazteko. Halaxe egin zuten duela gutxi Frackingen aurkako plataformakoek, teknika kutsakorraren debekuaren eztabaida Legebiltzarrera helarazteko; edo garai batean Oinarrizko Errenta aldarrikatu zutenek. Beraz, egungo diru-laguntzen sistema LEHaren bidetik konkistatutako sasi-eskubide bat da, Oinarrizko Errenta Unibertsalaren aldeko aldarrikapen historikoaren bertsio deskafeinatua… baina sasi-eskubidea sikiera. Nori okurritu dakioke, beraz, eskubideak aldarrikatzeko asmatutako tresna bat eskubideak murrizteko erabiltzea? Artaburu bati baino ez.

 

Baina jarrai beza auzapez jaunak sinadura bilketaren ideia zoroarekin; eta denak balio badu, denak balio dezala. Azken batean, kontua hautsak harrotzea bada, nik ere botako dut plaza honetara nire erronka. Baietz 30000 sinadura bildu Maroto joan dadin… edo hobeki pentsatuta, baietz 30000 sinadura bildu Maroto hurrengo errege eguneko desfilean Baltasar jantzita agertu, eta gero kargua utz dezan. Horra hor nire kontsulta alternatiboa, irakurleok, (kasu, kontsulta alternatiboa, ez erreferenduma, ez dezala atzera bota Auzitegi Konstituzionalak) alkatearen astakeria arrazistekin nazkatuta dagoenak utz dezala bozka zutabe honetako iruzkinetan.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago