Jende askok ez du izaten merezi duen errekonozimendua. Askotan, inurri-lana egiten dutenak iceberg-aren beheko aldean geratzen dira, foku eta kamerak heltzen ez diren leku horretan.
XX. mendeko Arabako arkeologiaren historia idatzi ahalko litzateke Mari Nieves Urrutia Agorretaren biografia begiratuz gero. Seguruenik ez zaizue izen hau ezaguna egingo, baina… bazenekiten emakume hau izan zela La Hoya-ko aztarnategiaren materialen garbiketa eta inbentarioa zuzendu zuena? Mairuelegorretako kobazuloa lehenengoz ikertu zuenetako bat izan zela? Ala Arabako hamaika arkeologia-kanpainaren antolakuntzaren arduraduna?
Arabako arkeologia lanak aurrera eraman dituzten emakumez beterik egon dira. Pikatzea bezain garrantzitsua da materialen garbiketa eta inbentario on bat egitea. Ezin daiteke induskatu goseak akabatzen eta lorik egin gabe, eta horrek antolakuntza bat behar du. Lan bikoitza, askotan, lan produktibo eta erreproduktiboa bateratuz.
Errekonozitu gabeko lan izugarria, dudarik gabe. Hori dela eta, Enrique Eguren saria emango dio Arkeologiarako Arabar Institutuak, hurrengo larunbatean antolatuko den ekitaldian. Seguruenik hau ez da Nievesek mereziko zuen errekonozimendu guztia, baina bada egindako lana eskertzeko eta bere pertsonaren ezagutzan lagunduko duen sari xume bat.
Maila pertsonalean, espero dut Nieves eta Armandorekin konbertsazio askotaz disfrutatzea oraindik, haien etxeko berotasunean eta Voll-Damm artean, Arabako arkeologiaren entziklopedia bat baitira.
Julen Diaz de Argote.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.