Merezitako saria

Erabiltzailearen aurpegia Julen Diaz de Argote Garcia 2020ko ira. 18a, 09:00
Armando Llanos Ortiz de Landaluze arkeologoa. / iaa-aai.org

Datorren larunbatean, hilaren 19an, Arabako Diputazioak Armando Llanos eta Arkeologiarako Arabar Institutuari Arabako Domina sariak emango dizkio.

Urtero San Prudentzio egunean ospatzen da sari-banaketa hau, baina Covid19-aren pandemiarengatik ekitaldia atzeratu behar izan zuten aurten.

"Arkeologiarako Arabar Institutua 1957. urtean sortu zen, hainbat lagunek bultzatuta; haien artean, Armando Llanos eta Nieves Urrutia"

Eta zuetako askok zuen buruei galdetuko diezue nor den pertsona hau eta zein funtzio bete izan duen kultura talde honek. Arkeologiarako Arabar Institutua 1957. urtean sortu zen, hainbat lagunek bultzatuta –haien artean, Armando Llanos eta Nieves Urrutia–. Urte horietan ez zegoen  unibertsitaterik, eta ondarearekiko atxikimendua ez zen gaur egungoa ere; elementu arkeologiko asko suntsitu ziren.

Hori dela eta, talde honek hainbat helburu zehaztu zituen: Arabako ondarearen katalogo bat egitea –hau babestu ahal izateko helburuarekin–, lurralde honetako ondare eta aztarnategiak ikertzea eta induskatzea eta lortutako informazioa publikatzea, balioa eman eta gizarteratzea.

Ikerlari hauen lekukoa bigarren belaunaldi batek hartu zuen (Paquita Saenz de Urturik eta Ramon Lozak, beste ikerlari batzuen artean), beste ikuspegi bat eman zioten, metodologia, ikuspuntu eta lan-praktika berriak erabiliz. Asko izan dira Arkeologiarako Arabar Institutuan beren alea jarri izan duten ikerlari, arkeologo eta norbanakoak.

"Gaur egun ezin izango litzateke Araba ulertu bere ondarea gabe: La Hoya, Sorginetxe, Añanako Gatz Harana, Gasteizko katedrala…"

Azpimarratzekoa da, esaterako, azken urteetan Rafa Varon eta Ismael Garcia-Gomezek egindako lana, Institutuari irudi berri bat emanez, eta  dibulgazio eta gizarteratzeari berebiziko garrantzia emanez.

Gaur egun ezin izango litzateke Araba ulertu bere ondarea gabe: La Hoya, Sorginetxe, Añanako Gatz Harana, Gasteizko katedrala... gizarteak ulertu izan du zeinen garrantzitsua den bere ondarea mantentzea eta gizarteratzea.

Garai bakoitzak baditu bere erronkak, oztopoak eta helburuak: hasiera batean historiaurrea ikertzen zuten batik bat, eta ondarea katalogatu eta  babesten zuten; ondorengo belaunaldietan "modan" jarriko ziren protohistoria eta erromatar garaia, kastroak eta Iruña-Veleia edo Arkaia bezalako lekuak ikertu zituzten. Erdi Aroak erreleboa hartuko zion, hurrengo belaunaldien metodo berriak ezarriz; arkeologia publikoarena, adibidez. Gaur egun, Gerra Zibilaren arkeologia, arkeologia karlista edo paisaiaren arkeologia bezalako ereduek hype handia sortu dute.

"Ikerlari nekaezin horiek haien helburuak lortu bazituzten, lana eta ahaleginaren poderioz izan zen"

Gure belaunaldiak beste erronka batzuei egin beharko die aurre: zabalkundea, teknologia berriak, 3D ereduak, errealitate birtuala, jende gazteari ondarearekiko interesa sorraraztea... Baina gure aurretik egon diren ikerlari nekaezin horiek haien helburuak lortu bazituzten, lana eta ahaleginaren poderioz izan zen, eta horrela lortuko dugu Arkeologiarako Arabar Institutuak eta Arabako arkeologiak aurrera egiten jarraitzea.

Merezitako saria, dudarik gabe!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide