Iritzia

Auzoan euskara(z) borrokatzera goaz!

Judimendiko Gazte Asanbladaren agerraldi bat, 2020an. / Argazkia: @JudimendikoGA

"Gazteok auzoan euskara biziberritu, berpiztu eta bizirik ikusi nahi eta behar dugu. Euskaldunok Judimendin euskaraz ikasi, lan eta bizitzeko eskubidea bermatuta izatea".

Euskara inoiz baino jende gehiagok jakin eta ulertzen badu ere, auzoko kale, plaza, ikasleku, taberna, komertzio eta bizitzetan daukan presentzia kezkagarria da oso. Badira zenbait datu, inkesta eta ikerketa hala diotenak: Hego Euskal Herriko kaleetan gertatzen diren elkarrizketa gehienak gaztelaniazkoak dira, eta Ipar Euskal Herrian frantsesezkoak. Orokorrean, euskarazko elkarrizketak gutxiengo nabarmena dira. Gasteizen, azken hamar urteotan gora egin badu ere, euskararen kale erabilera %4,1ekoa da soilik. Judimendin ere, beraz, euskara egoera zaurgarrian dago.

"Kezkaz bizi dugu hainbat eremutan gure hizkuntzak atxikimendu, bultzada edota erabilerari dagokionez izan duen atzerakada"

Auzoko gazteok kezkaz bizi dugu hainbat eremutan gure hizkuntzak atxikimendu, bultzada edota erabilerari dagokionez izan duen atzerakada. Eta, horrez gain, euskararen beraren borrokaren agorpena ere. Honen aurrean, euskararen alde eta euskaraz lan egiteko dinamikari ekingo diogu aurten.

Horretarako, ondorengo helburu edo erronkei helduko diegu:

Batetik, kontziente gara euskaraz aritzeko norberaren hautuaren garrantziaz. Baina badakigu horrekin ez dela nahikoa; auzoan espazio askotan eta egoera askoren aurrean ez dugu euskaraz bizitzeko aukerarik. Asko dira topatzen ditugun oztopoak, eta horiek mahaigaineratu eta salatzera goaz.

Bestetik, badakigu Espainiako zein Frantziako estatuen hizkuntza zapalkuntzak euskaldunoi gure bizitza euskaraz eta duintasunez garatzea galarazten eta oztopatzen digula. Horregatik, euskaraz hitz egitea ekintza iraultzailea denaren ideia zabaldu nahi dugu auzoko gazteen artean. Euskaraz hitz egitea hautu politiko bat ere badelako, ausarta eta errebeldea.

"Auzoan espazio askotan eta egoera askoren aurrean ez dugu euskaraz bizitzeko aukerarik"

Eta, bukatzeko, gazteontzako euskararen arnasguneak eraikitzearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu. Euskal hiztun gisa zapaltzen gaituzten espazioak dozenaka dira gure auzoan ere, gure hizkuntza hautua errespetatu ez eta talka agerian uzten dutenak. Ondorioz, euskaraz bizi eta antolatuko diren gune seguru eta naturalak biderkatzeko nahia daukagu.

Gazteok auzoan euskara biziberritu, berpiztu eta bizirik ikusi nahi eta behar dugu, hori da gure nahia; euskaldunok Judimendin euskaraz ikasi, lan eta bizitzeko eskubidea bermatuta izatea. Horregatik, Judimendiko Gazte Asanbladako gazteok auzoan euskara(z) borrokatzera goaz!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago