Txikitatik amonari entzun diot etxea egunero egin behar dela, egunero garbitu, erratza pasa, hautsa kendu, astelehenean plantxa eta asteartean komunak, asteazkenean kristalak... Garaiak, zorionez, aldatu dira... Nik etxea garbi dut, erraza da, apaletan ez dut familiako dozenaka argazki, ezta bidaietatik senideek ekarritako souvenirrik ere.
Oroitzapenez beteta daude garai bateko etxeak, erabiltzen ez diren mila trastez beteta, eta, noski, horiek hautsa biltzen dute. Baina nire etxean tramankulu gutxi, arinagoa sentitzen naiz horrela, eta, hortaz, garbiketa benetan beharrezkoa denean egiten dut, baina ez egunero. Etxeko garbiketari ez diot pasio gehiegirik jartzen, baina bisitak ditudanean... nire amonaren begietatik ikusten dut etxea, eta nire egunerokoan garbi dagoena gonbidatuentzat horren txukun ez dagoela pentsatzen dut. Eta Marierrauskin bilakatzen naiz. Hautsa kendu, erratza eta fregona pasa, komunean ilerik ez (dutxan ere begiratzen dut tentuz), ispiluei limpiacristales eta guzti. Gero, egia esan, gonbidatuek ez dute horretan erreparatzen; etxekolanak kontu zaharrak dira. Garai bateko oihartzunak nire buruan.
Ba, hara, senide bat etorri zen aurrekoan, txizagura zuen, eta komunetik pasa zen. Konketa ere egin berria nuen! Lasaitu ederra. Baina, halere, bere hitzak hauek: "Ze zikin duzuen hau!".
Zer?! Nola?! Buah, amona ez, deabrua atera zitzaidan barrenetik. Aurpegiko masailak berotu eta edukazio onari heldu nahian arnas hartu nuen: "Zertaz ari zara? Gaur egin dut eta!". Komunzuloari begira, berriz esan zuen: "Hau oso zikina duzue".
Orduan nire defentsa argudio osoa hasi zen, barregarri eta umiliatua sentitzen nintzen aldi berean. "Lixiba bota eta nanasarekin eman diot", erantzun nion 12 urteko ikasle bati irakasleak errieta egiten dioenean bezala. Aldea, 40 urte ditudala, eta komunzuloa berak uste zuen bezain distiratsu ez bazegoen ere (hau erlatiboa da, bide batez) bere ahozuloaz nik ez niola ezer esan.
Izan ere burumakur agurtu eta ondorengo egunetan garbiketarako lixiba baino produktu eraginkorrago baten bila aritu naiz.
Tira, nire letxe txarra kanalizatu nahian terapia egin dut ondorengo egunetan lagunekin, salfuman aholkatu didate komunerako, ez ni baretzeko, (bide batez, barrena hustu ahal izateko zutabe hau oso lagungarria egiten ari zait, esker mila) produktua korrosiboa eta kutsakorra den arren, komunzuloan txorrotada bat bota eta bi minutuan txuri-txuri uzten duen produktua. Salfuman. Eta denok pozik. Terapia amaituta.