Hamaika arrazoi

"Bere aurpegia izan dut lagun, bere irribarrea nire beldurren uxatzaile"

Hamaika lagun zeuden ipuin kontaketan. Ez jende pilo bat, baizik eta bat, bi, hiru, txor-txor, hamar, hamaika. Bost heldu eta sei haur. Dulantziko auditoriumean, Txema Blasco izena duena... ( Ni ere, Txema bezala, berandu hasi naiz antzerkian... baina tira hori beste kontu bat da). A! Ipuin kontalaria ni naizela ez dizuet esan, hau da hau txoriburua!

Tira, zalantzan izan naiz azken hilabeteetan, zertarako edo zergatik egiten dudan antzerkia... egoera latza da... baina ez naiz hasiko orain nire gorabeheren deskribapena egiten, nahiz eta agian zutabe honek nire alterazioren bat agerian uzten duen, ez hamaika baizik eta baten bat.

Ekin diot ikuskizunari. Publikoa eseri orduko, kolorez jantzitako neskatoa atera da eszenatokira dantzan eta kantan, pozik; ni alegia, –antzezten poztasuna–, eta azken hilabeteetan bezala musukoek estalitako aurpegiak ikusi ditut, –tristura disimulatzen saiatu naiz orduan–. Agertokian naizen bitartean egungo publikoa horrela ikusiko dudala sinesten hasi naiz. Margotuta edo kortxopanez eginak. Aurpegirik gabekoa. E! Inondik inora ikusleen jarrerari eginiko aipamena hau. Publikoa marabillosoa da, txalotzekoa, hor egoteagatik, gure eta eurena dena babesteagatik, eta horrela demostratu dute beste behin.

Eszenatokitik ikusi dut aretoan zegoen musukoa eramatera behartuta ez zegoen ikusle bakarra, lau urteko neskatila. Eta bere aurpegia izan dut lagun, bere irribarrea nire beldurren uxatzaile.  Konfidantza hartzen hasi naiz orduan. Amaitzean agur esan dit eskuarekin eta musuak bota dizkit. Emozionatuta ailegatu naiz etxera, eta hau idatzi dut, zuekin partekatu nahi nuen sentimendu hau.

Gaur, atzo, bihar, beti, emozioz beteta antzerkiari esker zuei, mila, hamaika esker, ikusle.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago