"Zoritxarrez, begietan daukat arima. Horrela esan dit lagunak. Maskararekin begiak ikusten dizkiot bakarrik, baina, hala ere, negargura duela igarri diot". Hauxe irakurri diot Karmele Jaiori asteon sareetan eta, elkar ezagunak bai baina harreman esturik ez dugun arren, pentsarazi dit ea ez ote naizen ni bere lagun hori izango.
Nik ere bere lagun horrek bezala egun txarra daukat, eta Karmelek arrazoi du gutaz, bere lagunaz eta nitaz, ari denean "ziur nago mundua maskarek estalita egoteak ere eragina izan duela haren aldartean". Hala da, nahastuta nabil, haserre, frustratua, komunikatzeko gaitasun handia desagertarazi delako, aurpegiko adierazkortasun, bizitasun eta finean antzerkia joan zaidala sentitzen dudalako.
Horregatik, ezinegonari buelta eman nahian, antzerkiari heldu diot iraileko lehen aste hauetan eta Pablo Ibarluzearen ikastaroan eman dut izena. Gizakien arteko komunikatzeko gaitasuna errekuperatzeko asmoz, sentitzeko beharraz. Eta hantxe ibili naiz Maskara Larbarioen tailerrean. Konturatu orduko musuko bat beharrean bi nituen soinean. Monstruito itxura ematen didan maskara gainera. Hara zelako kontraesana nirea!
"Mugimendua egoteko desoreka bat egon behar da", dio behin eta berriz Pablo Ibarluzeak ikastaroan. Garaietara egokitutako esaldia dela ematen du, baina ez, esaldia egungo egoeraren aurretik sortua da, non eta puntu finko batean. Orain, hura entzutean, ordea, hartu du niretzako esanahia. Mugimendua egon dadin desoreka bat egon behar da. Eta bitartean luzaketak egiten ditugu, lurrera goaz eta beldarrak bagina bezala, astiro, tarimaren kontra gure gorputza uzkurtu eta tenkatu egiten dugu. Soinu sakonak, basatiak, barrenetakoak, eskatu ahala ateraz. Gero ariketak egiteko, berriz, arrautza-ontzi batekin sortu dut nire maskara larbarioa. Zalantzarik gabe desorekan nabil. Baina mugimenduan ari naizela jakiteak lasaitzen nau. Esaiozu hau zure lagunari Karmele, ea niri bezala lagungarria zaion.