"Bah... lasai neska, zu zaren modukoa izanik, laster aurkituko duzu zerbait". Ez da behin edo bitan entzun dudan esaldia.
Ea ba, hasieratik kokatzeko. "Zer moduz?" galdetzen dit. Eta garai hauetan, Covid-19ak eragindako krisia dela eta, lehen erantzuna beti osasunari dagoki, baina ez osasun mentala, emozionala, soziala... ez, hori ez. "Ondo –eta segituan gehitzen diot– sano". Ondo bakarrik nahiko faltsua da, ze ez nago ondo, ze oxtia egongo naiz ondo! "Eta zu?", galdetzen diot bueltan. "Ondo ere, bai...". Eta elkarrizketa ia eten egiten zaigu, supermerkatuaren ilaran aurkitu garen aspaldiko lagun harekin... Zeri heldu orain? inportanteena dagoneko argituta dago, edo."Mmm... eta lana?", diot. "Ahh pues tira, etxetik", berak, eta ondoren, "Eta zuk?". "Beno, gurea etenda erabat, ondorioz langabezira, ERTE edo dena delakoa, askok ezta hori ere... Etorkizun beltza kultura eta antzerkirako. Badakizu...". Eta hor utzi dut... esekitako puntuak, enpatia pixkat bilatu nahi dut, tanteatu kulturaren egoerak, besteak beste, noraino axola dion... Bera, lagun hau, lagin moduan hartuta. "Bah... lasai neska, zu zaren modukoa izanda, laster aurkituko duzu zerbait".
Uf, bagaude... (bat, bi, hiru arnasa hartu berriro; bat, bi, hiru lasaituko zara segido), ez pentsa! Nire barrurako: Joder bai? Eta nolakoa naiz ni ba? La oxtia izan behar dut seguro, zer eta pandemiak ezarritako neurri, arau eta batik bat lan produkzio sektoreak mailakatzen dituen piramidearen kontra egiteko, eta ttak! lan berria aurkitzeko, non eta kulturan, pandemia aurretik ere osasuna kili-kolo zuen arloan...
Egoera honen aurrean, behin baino gehiagotan bezala ahaztua, ez ulertua, gutxietsia sentitzen naizelako bat egin dut greba digitalarekin. Bi egun eman ditugu sareetan kultur edukirik partekatu gabe, bi egunetan desagertu gara, bi egunetan isildu gara.
Eta bi eguneko itzalaldiaren ostean, jarraian etorriko dira ekarpenak, neurriak eta elkargunea, eta, ez ni naizen modukoa izateagatik, baizik eta gu, ez bat ez bi, ehunka, garen modukoak izanda aurrera egingo dugulako elkarrekin eta tinko. Kulturak egiten gaituelako herritar. Kultura zaindu eta defenda dezagun.