Pareidolia

"Ilogikoa ote nintzen? Urteek aurrera egin ahala, bi eta bi ez zirela beti lau entzun nuen"

"Ze ilogikoa zaren". Institutuan mahai ondoan esertzen zen mutilak esan zidan. Bere burua niri begira, parez-pare, serio. Nire barrea eten zen jarraian. Errespetu modukoa nion, klasean zeuden ume moko guztietatik koxkorrena iruditu zitzaidan institutu berri arrotz horretan sartu nintzen lehen egunetik. "Ze ilogikoa zaren", min sentitu nuen, lotsatu ere egin nintzen. Matematika irakaslea arbelan ari zen "txor txor ber bi txor txor txor neperianoaren hipotenusa... txor txor... erro karratua... eta Y baztertuz gero... txor txor". Aspaldi utzi nion ulertzeari. Barrea sortu zidan egoerak. Ikaskidea, berriz, matematiketan trebea zen, 2 ETA 2, beti lau. Nik, ordea, batzuetan 5; eta beste batzuetan 3... Ilogikoa ote nintzen?

Urteek aurrera egin ahala, bi eta bi ez zirela beti lau entzun nuen. Zer eta ETAren (Y delakoaren) arabera emaitza aldakorra zelako. Txiste matematikoa. Hara! Aurrerago ere, umore absurdoa ezagutu nuen. Eskerrak! Munduaren zati batean nire burua kokatzeko aukera nuen! Hala, egun pareidoliari heldu diot, buruak ikusitako irudi bati beste zerbaiten antza aurkitzen dion fenomemo psikologikoa. Adibiderik? Hodeien formazioak iradokitzen dizkiguten txakur, sorgin, unikornio... irudiak. Denok ulertzen dugun adibidea. Logikoak seguruenik... edo.

Kalkulu matematikoa eginez, azken hilabeteetan gizartean egon diren pareidoliak agertu zaizkit, arbelan nerabezaroan ikusi bai baina burmuinak bestelako forma ematen dizkienak, irudi ilogikoak. Altsasuko auzia (logaritmo neperianoa), hauteskundeen errepikapena (ber bi? bider bi? erro karratua?) edota 11/13 makroepaiketa (ETAren  –Yren– balioaren araberako emaitza). Zer iritzi izango luke egun nire garai hartako mahai ondoko mutilak? Logikarik aurkituko lioke?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago