Urte berriarekin asmoak biderkatzen dira. Ez beti, halere. Ez behintzat nire kasuan; alferkeriak irentsi nau. Lau eguneko minioporraldian batina jantzita eta sofan etzan naizela, urte berriak harrapatu nau, baita gripeak ere. Tira, out erabat eta defentsarik gabe KO geratu naizela urtarrilaren lehengo egun hauetan. Aurten ez dut bete ezinak izango diren xedeen zerrendarik egin, paso. Inkesten arabera, jomuga horiek hilabeteko iraupena dute, eta zertarako lan hori egin otsailerako ahaztuta badaude erabat, eta ondoren etsipena eta frustrazioa badatoz? Eta aurretik ahaleginak egitea ere, bah, alferrikakoa!
"Gimnasiora gehiagotan joan". Nolabait joan banoa... eguneko zortzi klase mota ezberdin horietako batera ere ez, baina ordaintzen dudan kuota saunara joanez justifikatzen dut...
"Ingelesera apuntatu". Urteetan esfortzu larregi, jakin badakit komunikatzeko adina gaitasun dudala. Ingelesean nik patxi nago badiot ere, konprobatuta daukat ulertzen nautela, ba listo! Next!
"Webgune, blog edo facebook-a egitea" litzateke beste bat, moda kontua, trending-a pasako da, eta orduan ni amish influencer moloiena izango naiz.
"Erretzeari utzi". Ez naiz sekula erretzailea izan, argh, 1-0, lortuta eta esfortzurik gabe.
Asmo originalak dioen artikulu bat irakurri dut orduan, betetzeko errezagoak omen direnak:
"Gauzen alde positiboa ikusi, benetako aldaketa barrutik kanpora doa". Aufff... omggggggg
"Zure buruari denbora eskaini, eta gustuko dituzun gauzak egiteko astero zurekin hitzordua jarri". Ahalko banu zenbait egunetan zita erdian nire buruari plantoia emango nioke, sum sum sum sum...
"Agobiatzen hasi zarela nabaritzen duzunean, egin arnas sakon, adituek diote antsietateak bost minutu besterik ez duela irauten". Benetan? eta zertan nabil orduan ordubetez zutabe hau idazten!?
"Itxi zikloak, berriekin hasi baino lehen zaharrak amaitu", ene, hasierara bueltatu gara! Facepalm.
"Atseden hartu, energia hartzeko lehenago geratu beharra dago, alferrarena egin". Toma! hauxe bai aholku, xede, jomuga... nahi erreala! Berezkoa. Gainontzeko guztiak alferrikako asmoak.