Ur gainean, umorez

Tranpola taldeak azkeneko lana aurkeztuko du Araian. / Tranpola

"Hainbeste urte uretan burua dramarik gabe sartzeko, eta orain gora berriro?".

Udan udako anekdotak datozkit burura, txikitakoak, ikastola bukatu eta bi hilabeteko oporraldia egiten genuenekoa herrian. Bertan ez Gorbeiako artzainik, ez Pello Zabalarik, ez tenpora iragarpenik. Uda eguzkia zen, beroa, gauez txaketillaren beharrik gabe. Igerilekuko forasteriko karnet kuota ordainduta, bi hilabete uretan eta eguzkitan murgiltzen ginen horietakoa. Kongito bueltatzen ginen irailean eskolara.  Hainbesteraino, herriko lagunek nire azalaren kolorea urte osoan hura zela pentsatzen zutela; hala jakinarazi zidaten behin sasoiez kanpo ezohiko topaketa batean, "hala ze txuri...".  

Ba hantxe plisti-plasta uda osoan, bazkide txartelari premium errentagarritasuna ateratzen geniola. Gogoan dut nire amona bainujantzi loredunarekin eta plastikozko txano dotore batekin igerilekuaren punta batetik bestera harro, bere adineko askok ez baitzekiten igeri egiten, eta nire ama melena ilehoria bisera baten azpian bilduta, eta luzeak egiten; biak burua tente txakurren modura baino ahateen pare; eta ni ba gauza bera, ahatekumea nonbait. "Ez sartu burua eh! Ilea zikinduko zaizu eta garbitu berri duzu". Nire melena luzearen distira kolokan. Igeri egiteko burua sartzea ezinbestekoa zela (bizkarreko mina saihestu nahi baduzu behintzat) ulertzeko urteak behar izan nituen (nire herriko lagunei nire azala zein kolorekoa zen jakinaraztea beste). Kroll?? Hara!

Itsaspeko, urpeko, murgilgarri bilakatu nintzen orduan; erronka handia. Antzerki munduan ibiltzen hasi naizen honetan, berriz, "gorantza" doana, "susperraldian" eta "sortuberri" delako hitzak datoz ahoz aho. Kontraesana suertatu zait; hainbeste urte burua ur azpian dramarik gabe sartzeko, eta orain gora berriro? Tira, sasoiak sasoi. Aupada berriari ekingo diogu. Ostiralean aterako dugu bada burua, Araiako Umore Jaialdiak Sorberriko artisteei eskainitako sailean, ahatekumeak, Tranpola, Katastrofen eta Hara Nori, umorez eta kloro zaporez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago