Coworking-a

"Munstro handi bat ateratzen zait saihetsetatik, aharrausika hasten den bakoitzean". 

Hesi batek banatzen zituen bi bizilagunen etxebizitzen lorategiak, eta lorategira mintzatzera ateratzen zirenean euretako bati kapela eta begiak besterik ez zitzaizkion ikusten, txikitako telesail hartako pertsonaiaren antzera.

Etxetik lanean hasi naizenetik, zaratak tentuz jasotzen ditut, ikertzen ditut, identifikatu, belarria beti prest, nire etxeko soinuen mapa garatu dut, eta edozein bapateko hotsek arreta deitzen dit. Gustatzen zait jolasa, entretenigarria da, badakizu, bakarrik zaudenean...

Salbuespen batengatik ez balitz. Ikusi ez, baina entzun, zoratzeraino entzuten dut bizilaguna. Ez gara sikiera ate berean bizi, baina susmoa dut gure ordenagailuen arteko "hesi" partikularrak 20 zentrimetroko horma ahul bat besterik ez duela. Bere telefonoaren dardara, doministikuak... eta batez ere amaiera gabeko aharrausiak entzun entzuten ditudalako egunero. Goizean goiz aharrausika, tira; eguerdian ere, bazkaldu aurretik eta ostean, arratsaldean intentsoagoak ezin... joan zaitez siestara motel! Zenbaiteraino izango du gizon honek garuna aireztatua? Ufff ..altxatu zauden tokitik, eman buelta bat kaletik, atera zure ziega horretatik behingoz! Munstro handi bat ateratzen zait saihetsetatik, gorrotoak bultzatuta, aharrausika hasten den bakoitzean, eta asko dira, zinez diot! Baina ez al du bizitza sozialik Mr. Wilsonek? Lagunik? Zenbat denbora eman dezake etxean aho zabalka?

Hainbesterainoko ñaaaaa sortzen dit, berak nitaz ezer jakin ez dezan bozgoran eta inpultsoz abesteari ere utzi niola...eta berak bitartean bereari eutsi. Hauxe frustrazioa nirea! Bere hasperenek hainbeste aspertu naute nire iraultza propioa hasi dudala, eta lehen lotsa ematen zidana, komuneko kontuak barne, ozenago egiten hasi naiz. Zarata zaraten truke, ja! Izorrai! Mmmm... agian ni ere etxetik sarriago atera beharko naiz. Paret-pareteko coworking-a.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago