Bermutaren orduan

"Kapiroteari erreparatu diot, eta faltsukeriaren agerpen handiena iruditu zait".

Aste Santuko egun gorrien ondoren elkartu gara lagunak. Portzierto, aurten hondartzara ez, eta nire hirian turista gisa, prozesioren batekin ere gurutzatu naiz (horixe ba! gurutzatu). Eta kapiroteen figurari erreparatu diot; faltsukeriaren agerpen handiena iruditu zait orduan.   

Hara bakoitza bere koherentziarekin! Kontua da bermuta hartzeko geratu garela lagunak, eguzkia atera da, terraza batean, giro ederrean eta bapatean "ez dut maitasunean sinisten" esan dut ahogoran. "Zeinetan? Maitasun mota asko dira eta", galdetu dit lagun batek. Buah, batekin hasi naiz eta segituan amorrua, etsipena, iraultza? edo haserrea atera da nire ahotik. "Nihilista zaude gaur", esan dit beste lagunak. Auskalo zer izan den baina bapatean giroa zapuztu dut. Noiz, eta, maite ditudan pertsonekin gogotsu topatu naizenean, amodioa burla handiena dela atera zait gogotik. Ahobero tentela ni!  

Agurtzeko garaia ailegatu denean, musuak eta besarkadak, benetakoak horiek, damua ere agertu zait pixka bat (jipoitzeraino ez, ordea). Eta etxean siesta ederra egin ostean mezu batean, "Zer, nihilismoa pasa zaizu?". Lankide ohi batek esanda, Josuneren terapia minutua entzun nahi izanez gero Alea FM-n. Terapia bai, komeriak zutabe honek gutxieneko interesa izan dezan. Zentzurik ote... Ni  (hi) lista, ezta kapirote-tontoa ere... Pasako zitzaidan ba nihilismoa?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago