"Ea noizko telebistan", esan ohi zidan amonak kazetaritza amaitu eta hastapenetan prentsan hasi nintzenean. Urteak eman nituen bulegoan sartuta, idazten, eta sinadura zen ezagutarazten ninduen bakarra. Garai horretan ez baizegoen twitterrik, ez facebookik, ezta komunikabide digitalik ere. Egunkari horretako irakurle askok ez zekiten bertan lanean nengoenik ere (eta asko ezagunak nituen). "Kazetaria? Eta non? Zer sailetan egiten duzu lan ba? Kulturan? A kirolen ostean datorrena!, orduan normala ez jakitea bertako lankidea zarela".
Prentsatik irratira egin nuen jauzi, eta hala eta guztiz ere amonak "ea noiz agertzen zaren telebistan". "Amona, ez zait gustatzen", erantzuten nion nik halere. Letizia izenekoa Felipe batekin ezkondu zenean, amonak esan zidan "begira, zu izan zintezke", nire kazetari baldintzak besapean kamaraurrea eta printzea ekarriko balitu bezala.
Honezkero ez nabil lan horietan. Arte eszenikoetan murgilduta baizik. Euskarazko ikuskizun bat dut, duela bi urte taularatu nuenetik, eta imajina nezakeena baina askozaz hobeto doakit. Eta oraingoan beste esaldi bat errepikatzen da: "Ea noizko gaztelaniaz". Gaztelaniaz egiten dudanean ikustera etorriko direla esaten didate hainbatek eta nik irribarretsu erantzun: "Ez, tira, oso sensoriala da, erraz ulertzekoa, haria jarraitzeko hizkuntza ez da traba...".
Berriki lagun batekin izan nuen eztabaida. Obra ikustera gonbidatu nuen eta euskaraz bazen ez zela etorriko, kokoteraino zegoela marginatuta sentitzeaz... Barkatu?! Noiz eta non marginatua? Zenbat bider esan diote ba gaztelaniaz egiten duzunean joango naiz? Zenbat bider entzun dit berak niri "noiz egingo didazu berba euskaraz"? (Behin ere ez) Akabo komeriak! Sensoriala izatetik haratago, duina eta zintzoa da nire erantzuna: Inoiz ez!