Begiradaren jokoa

"Nola azaldu ezetz. Nik behintzat ez nuela gaizki begiratu. Nola?".

Inporta al dizu besteek zutaz zer pentsatzen duten? "Ez", izan zen nire lehendabiziko erantzuna. Ez zen lehenengo aldia galdera hori egiten niola nire buruari, eta argi nuen. Garai batean agian, gaur egun ez, erantzun irmoa. Taldeko sormenaren abiapuntua izan zen hura, uztailean. Jokoa. Parasite kolektiboarekin.

"Deseroso sentitu naiz". "Zergatik?", galdetu nion ezagutu berri nuen emakumeari. "Gaizki begiratzen zidatelako". "Nortzuk?". "Jokoa eskaini zidatenek. Bi aukera eman zizkidaten eta ez bata ez bestea ez nuen gustuko, eta orduan zer egin behar nuen? Alde egin nuen, gaizki begiratzen zidatelako". Memoria egin nuen, bertan nengoen ni egun hartan, zer eta Jokoa izan zitekeenaren erakustaldi-froga bat lideratzen, jolasa besterik ez. Orduan, nik begiratu al nion gaizki? Solasaldi hura izan arte, nik emakume hura ez nuen sekula ikusi.

Nola azaldu ezetz. Nik behintzat ez nuela gaizki begiratu. Nola? Baldin eta berak hori sentitu bazuen? Txikitan baserrian katua eta biok gurutzatzen ginen bakoitzean, western eszena sortzen zen. Gorputzak geldi, begirada zorrotz. Beldurrez, elkarri begira, bat, bi, hiru, bang!! ziztu bizian bakoitza kontrako norabidean. Uf…

Jolas azkar bat bukatzeko. Aukeratu pertsona bat. Baduzu? Nolakoa da? Marrak edo lunareak? Raphael edo David Bowie? Gaua edo eguna? Katua edo txakurra?... Eta berak zer pentsatzen du zutaz? Axola al dizu? Azaroan estreinatuko da Jokoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago