Barazki saski ekologikoa erosten hasi gara. Garaian garaiko produktuak, osasungarriak, gertukoak, eta lagun batzuenak gainera. Astero dakarkigute. Oraingoan, paperean eskuz idatzita, produktuen artean, ongietorri eta esker oneko mezuarekin etorri da otarra. Baita galdera batekin ere. Hasi berriak dira truke honetan, eta jakin nahi dute zergatik erosten diegun.
Boteprontoan, batez ere lagunak direlako pentsatu dut. Ondoren, barazkiak garbitzen jarri naiz, erantzun inteligente, konpremetituago baten bila. 30 bat minutu egon naiz babarrunak zirenak zuritzen. Ene, ze zaila zorrotik ateratzea! Hortxe ibili naiz borrokan azalarekin, konturatu naizen arte haritik tiratuta kremailera baten moduan zorroa ireki eta atzamar potoloareklik klik klik klik, kanpora ordenean, mekanikoki eta azkar ateratzen direla.
Hamar minutu behar izan ditut egiteko modu zuzenaz jabetzeko. Orduan nire atzamar potoloari begira, jarduera hau nonbait ez zitzaidala berria jakin dut. Noiz zuritu ditut nik babarrunak? Baserri aurreko petrilean itzalpean eserita elkarrizketan senarra eta koinatuarekin, kristalezko ur botila ondoan, eta saskia hanka artean, amona Gabrielaren irudia etorri zait orduan. Zer eta babak zuritzen. Babak Josune, ez babarrunak!!! Horretaz ere jabetzeko hamabost minutu behar izan ditut. Baserritik nentorrela ia ahaztuta nuen. Nola da posible? Horrek erantzun du nekazari gazte hauen galdera, baita nirea ere.