Hutsuneak bete

Parasite kolektiboa, Jalgi euskal kulturen plazan. /E. Anda

"Baina ogibideak egiten al gaitu ba? Soldata bat gabe ez gara?".

Igor Salazar zuzenbidean doktoregaia, Itziar Rekalde ipuin kontalaria, Maialen Berasategi itzultzailea, Oihan Txabarri publizitatean lizentziatua… tarte honetan idazten duten lagunen artean batzuk dira aipatutako horiek. Iritzi saila dioen honetan norberaren aurkezpena egiteko izen abizenak, lanbidea eta argazkia. Ondoren edukia.

Aleak bertan parte hartzeko gonbita egin dit (mila esker bide batez). Zalantzak izan ditut, zer kontatuko dizuet nik ba? Bada urte luze bat komunikabideetatik aldenduta bizi naizela eta. Baina tira, Josune –esan diot nire buruari– ez zaitez epaitu, ez alderatu besteek idazten dutenarekin… (Esaldi hau askotan erabiltzen dugu antzerki mundian, sormena apurka apurka garatzen da, gauza sinpleenetatik hasi eta imagina ez ditzakezun emaitzetara helduz)…Beraz, hasi sinple…

Ondo da. Hasiko gara. Zertaz arituko naizen aritu naiz pentsatzen eta orduan “Nola aurkeztuko zaitugu?” galdetu didate. Noski, argazkia, lanbidea eta izen abizenak sail honek dituen derrigorrezko abiapuntuak. Hiru gauza horietatik ordea, argi dudan bakarra izen abizenei dagokiona da. Hirutik bat, alegia. Hasi da buruhaustea.

“Zer naizen alegia?” erantzun dut. Uf  hara, zer nolako galdera, hain erraza balitz erantzuten! Besteak beste, kazetaria. Besteak beste. Baina ofizioan 15 urte eman ondoren uztea erabaki dut (beno, akaso hau ez da erabat egia, lanak utzi bainau ni. EITBko Enplegu Erregulaziok kalean utzi ninduen, kazetaria izateko balio nuen edo, nire burua ere zalantzan jarriz). Ondorioz, aire berriak bilatu ditut. Hortik antzerkiari egindako erreferentzia. Oso serio hartzen dut. Horra erantzuna: “artista”, besteak beste. “Baina horretaz bizi zara ala?”. Toma! beste galdera tranpa bat. Bizi zer, ekonomikoki? Soldata irabazten dudan antzerkiarekin? Beno, tira ba, ez. Baina bizi, pozik bizi, horri esker, bai, eta bertan lan ordu asko ere egiten ditut. Baina … orduan galdetzen didazunean zer naizen…  Ogibideak egiten al gaitu ba? Sosak lortuz gero bazara, soldata gabe ez zara?... Ene hau saltsa! Eta oraindik artikuluaren edukiari heldu gabe!.

Amaitzeko argazkia eskatu didate. Zer axola irakurleari nik aurpegi bat edo beste izatea idazten dudana irakurtzeko? Irudia nahiko balute telebista piztuko lukete, diot nik… Ez al ditu komunikabide bakoitzak azaltzeko bere erraminta propioak? 

Tira, banoa. Josune Velez de Mendizabal. Satelitea. Eta horra hor hautatu dudan irudia. Honekin hiru hutsuneak bete ditudala uste dut, ezta? Zer?  Mmm…baaaale, aldatuko dut. Komunikatzailea. Hori lanbidea balitz. 

Zuzena, laburra eta argia kazetaritzaren arauak. 15 urteetan lortu ez dudana. Hutsuneak. Laburra ez naiz, bistan da, eh! ezta motza ere. Zuzena berriz portaeran, izan ere bideetatik gustura galtzen naiz, eta argia… ba.. kamararen flasharen arabera. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago