Azken hilabetean-edo zalaparta dezente egon da homeopatiaren inguruan Bartzelonako Unibertsitatearen erabakiaren harira. Horren berri izan aurretik, gainera, beste ikerketa baten ondorioak ere argitaratu ziren: homeopatia ez da plazebo efektua baino eraginkorragoa (hemen nire azalpenak Durangaldeko Anboto-n). Albiste horien ondoren eta, bereziki, sare sozialetan egon den mugimenduaren ondoren (Twitterren #NoSinEvidencia eta #PreguntaABoiron traolak pil-pilean egon ziren, esate baterako).
Hainbat hedabidek homeopatiari buruzko albisteak eta eskutitzak argitaratu zituzten: El Diario Vasco-k martxoaren 20an, El Correo-k martxoaren 21ean, Diario de Navarra-k martxoaren 11n, 16an eta 22an, besteak beste. Horietan eta beste hainbat hedabidetan jasotako albisteetan, eztabaida homeopatioaren bi aurpegiak erakusten dira eta, oro har, informazio osoa emateko hori da egin beharrekoa, jakina. Dena den, zail samarra da homeopatiaren alde egotea haren oinarriak ezagutzen baditugu (hemen nire azalpenak Sakanako Guaixe-n).
Nolanahi ere, azpimarratu nahi dut zientzia-komunitatean ez dagoela eztabaidarik homeopatiaren inguruan. Bide batez, gogorarazi nahi dizuet zientziaren oinarriak ez direla Moisesek menditik jaitsitako legearen harlauzak. Zientzia aldagarria eta aldakorra da, hortaz, zientzia-ikerketek beste zerbait frogatzen dutenean, inolako arazorik gabe aldatuko dut iritziz. Oraindaino, ordea, homeopatia babesten dutenek falaziak eta gezurkeriak erabili ohi dituzte argudiotzat. Azter ditzagun.
Autoritatearen falazia. Zenbait medikuk homeopatia errezatzen dutelako edo zenbait zientzialari homeopatiaren alde daudelako, pilulak ez dira eraginkorragoak. Zorionez, gehiago dira aurka daudenak, baina, hori ere ez da argudio. Zientzian ez dago inoren hutsezintasuna eta egia, egia da, Agamenonek esan ala haren txerrizainak.
Luc Montagnier. Aurrekoarekin lotua, homeopatia babesten dutenek (ia) beti aipatzen dute Luc Montagnier birologo eta Nobel sariduna. Hori ere autoritatearen falazian oinarritzea da eta, bide batez, ez dira gutxi Nobel saridunek egindako anka sartzeak eta beste batzuk eragiten duten auzo-lotsa.
Falazia populista: gehiengoak A egiten badu, A zuzena da. Onartezina zientziaren ikuspuntutik. Sendagaien eraginkortasuna saiakera klinikoen bidez frogatu behar da. Gainera, biztanleriaren gehiengoak, zorionez, ez du homeopatia erabiltzen. Askotan gehitzen dute, Suitzarren %85a homeopatia erabiltzailea dela. «Hainbeste ergel egon al daiteke munduan?» galdetu ohi dute. Bada, bai, egon daiteke.
Usadioaren falazia: aspalditik egiten denez, ona da. Homeopatia Samuel Hahnemann-ek sortu zuen 1810ean eta bere ateraldietan oinarritzen da. Besterik ez. Medikuntza asko aldatu da harrezkero eta, egun, zientzian oinarritzen da eta ez sinesmenetan. Medikuntza alternatiborik ez dago. Medikuntza bakarra da: gaixotasunak sendatzeko balio duena. Ez dago besterik. Ez osagarririk, ez alternatiborik.
Suitzako txostena. Izen oneko homeopata batek Suitzako Gobernuaren txostena aipatu behar du, ezinbestez, argudio moduan. Alde batetik, esan behar da txosten hori ez dela Suitzako Gobernuarena, baizik eta homeopatek egindako txostena dela (zehaztasun guztiak Arturo Quirantesek azaldu zituen hemen). Laburtuz, txosten honen zorroztasun zientifikoa hutsaren hurrengoa dela esan daiteke (bizi-indarra eta uraren memoria aipatzen dira, esate baterako). Suitzan gizarte-segurantzak homeopatia ordaintzen du erreferendum bidez hala onartu zelako. Zientzia, ordea, ez da demokratikoa eta haren printzipioak ez dira gehiengoz erabakitzen.
Animaliekin eraginkorra da. Zientzia-literaturan argitaratutako ikerketen arabera (ikusi 2015eko berrikuspen hau edo beste hau, adibidez) ez dago horren aldeko frogarik. Animalien kasuen ere, homeopatia ez da plazebo efektua baino eraginkorragoa. Eta, bai, animaliek ere plazebo efektua izan dezakete, umeek bezalaxe.
Farmazian saltzen direnez, eraginkortasuna frogatuta dago. Ez. Legediaren arabera, pilula homeopatikoek ez dute eraginkortasuna frogatu behar eta, hortaz, baieztapen terapeutikorik egiten ez badute, tradizioz zertarako erabiltzen diren esatearekin nahikoa da (aipatu berri dudan usadioaren falazia, berriz ere). Sendagai homeopatikoek ez dituzte gainditu behar benetako sendagaiek gainditu behar dituzten saiakera klinikoak.
Sendagai homeopatikoek ez dute albo-ondoriorik eragiten. Jakina, sakarosa, laktosa eta ura bestetik ez delako. Horrek ez du esan nahi arriskutsuak ez direnik, zenbait kasutan beste tratamenduak albo batera uzten direlako. Esaterako, duela gutxi izan genuen Mario Rodriguezen kasuaren berri (kimioterapia utzi ondoren hil zena). Horrelako kasuak jasotzeko ardura duen webgune honetan ikus daitezke beste batzuk.
Tira, ene irakurle, hauxek dira homeopatiaren aldeko argudioetako batzuk eta horiei emandako azalpena. Ea pixkanaka lortzen dugun EAE ez izatea homeopatia gehien kontsumitzen duen erkidegoetako bat.
Osasunagatik.
Artikulu-sorta guztia:
Homeopatiaren astea (I): zer da homeopatia eta zergatik da arriskutsua? - Sakanako Guaixe-n
Homeopatiaren astea (II): homeopatiaren eraginkortasuna - Durangaldeko Anboto-n
Homeopatiaren astea (III): homeopatiaren aldeko argudioen gainbehera - Arabako Alea-n
Homeopatiaren astea (eta IV): eztabaida homeopatikoa - Tolosaldeko Ataria-n