Iritzia

Garunaren kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2025eko uztailaren 26a

Argazkia: FREEPIK.

"Gu izaten jarraitzen dugu gure nortasuna kimikoki alda badezakegu?"

Neurozientziak gure garunean borondate-ahalmena non kokatzen den aurkitu duela irakurri dut egunkari batean. Dagoeneko, aldatu daitezkeen bost zirkuitu biologiko aurkitu dira: prokrastinazioa, ariketa fisikorako motibazioa, gosea, beldurra eta kemenaren kontrolarena. Hauek guztiak nire ahuleziak zirela uste banuen ere, proteinen, entzimen eta neuronen loturen kontuak besterik ez dira. Kimika eta mekanika hutsa.

Norberaren ahaleginen arabera helburuak eta arrakasta lortzen direla irakatsi digute, eta guk, gure arbasoek mendeetan zehar egin zuten bezala, hala dela sinetsi dugu. Goizeko zazpietan ez banaiz ohetik jaikitzen kiroldegira joateko, edo semeek oparitutako bizikleta estatikoan ez badut spinning egiten, armairuan  gordeta dauzkadan makila ultra-arinekin ez badut hiriko eraztun berdea zeharkatzen, ez da alferra naizelako. Guadalupe Sabio eta Cintia Folgeira zientzialariei esker, badakigu giharretako proteina batzuen kantitateari lotuta dagoela mugitzeko premia eta gogoa. "Giharrek burmuinarekin zuzenean hitz egiten dute", dio artikuluak. Mugituagoak edo nagiagoak izatea ez dago, funtsean, kontzientziaren menpe.

2026an, prokrastinaziorako dopamina moldatzaileak merkaturatuko dituzte. 2027-2028an, terapia genetikoa izango dugu epe luzeko oroimenerako, baita garuneko interfaceak ere, emozioak denbora errealean modulatzeko. 2030erako, botika pertsonalizatuak izango dira, nortasuna, motibazioa eta gaitasun kognitiboa Interneteko aplikazio batetik egokitu ahal izateko.

Gu geu izaten jarraitzen dugu, gure nortasuna, motibazioa eta gaitasunak kimikoki alda baditzakegu? Galderari bueltak eman dizkiot. Txokolatezko galletak jaten ditut, semaglutidak  hipotalamora asetasun seinale zuzenak bidaltzeko ahalmena duela irakurtzen dudan bitartean. Novo Nordisk farmazeutikak 350.000 milioi kapitalizatu ditu, argaltzeko Ozempic eta antzeko botikei esker.

Bitartean, Gazan genozidioak jarraitzen du, gobernu totalitarioak ugaritzen ari dira, faxismoa ez da ezkutatzen, eta eraso arrazistak ugaritzen ari dira. Nire auzoko kioskora joan naiz, eta asteko zozketa milioidunaren txartela erosi dut, irabaziko dudanarekin, neurozientzialariek gorrotoa neutralizatzeko eta elkartasuna eta justizia areagotzeko neurona konexioak aurkitzen lagun dezakedalakoan. Beldurra dut.

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago