Bilakaerak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2022ko uzt. 2a, 10:00

"Hondarra baratzak eta gainontzeko lurrak estaliko zituen etsai madarikatua zen"

Astebete pasa dut oporretan hondartza bati itsatsita dagoen hotel batean. Inguru hartako lagunek erakutsi zidaten aspaldi dekadente bezain ederra den toki ezkutatu hura, eta, harrez gero, urtean behin gutxienez bertara egiten dut ihesalditxo bat. Gutxi gara eta ia denak ezagunak ditut, urtez urte elkar ikusten dugulako bertan. Turista gehienek, edo hobeto esanda nazioarteko turistek, nahiago dituzte hotelez, dendez, tabernez eta itsas-pasealekuez betetako aldameneko herriak. Oraingoz, bakean uzten gaituzte.

Hirurogeigarren hamarkadaren hasierako turismoaren goraldiari esker lortu zuten barrualdean bizi ziren bertakoek udako etxebizitza bat hondartzaren aurrean, itsasoari begira. Nekazariak ziren, eta dira, bertan topatzen ditudan sasoiko biztanle gehienak. Limoiondoak, laranjondoak eta aparteko barazkiak hazten zituztenek telebista estreinatu berrietan ikusten zuten nola turista kanpotarrez eta eraikuntza modernoez betetzen ziren kostaldeko lurrak, eta eurek ere, modu xumeago batez, bertakoak zirenez parte hartu nahi izan zuten fenomeno berrian. Ordurarte, itsasoa, gertu egonda ere, arrotza zen eurentzat, eta hondarra baratzak eta gainontzeko lurrak estaliko zituen etsai madarikatutzat zuten betidanik. Neurri batean, aurre egin zioten harearen maldizioari: hogeiren bat etxe txiki zuriren erdian dago nire hotela, jatetxea eta guzti. Denak lotuta ilaran, manifestaldietako lehen lerroan taldeko indartsuenak jartzen diren bezala, boterearen aurrean trinkotasuna eta kemena erakutsiz.

Zaharkituak eta erortzear dauden eraikuntzek hasierako harrotasuna eta duintasuna erakusten dute oraindik. Jabeek pandemiaren aurretik jaso zuten erabileraren lagapenaren abisua. Badakite, badakigu, bukatzear dauzkagula orain arteko egonaldiak. Hala ere, prest gaude edonola ere oasi hartan jarraitzeko. Hori esaten diogu elkarri istingatik flamenko talde bat, hegaldi akrobatikoak eginez, geure buru gainetik itsasorantz doan bitartean. Ez gaitu kezkatzen eraikuntzarik gabe geratzeak, geure paradisua infernua bilakatuko ote den baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago