Aitorpena

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2022ko mai. 6a, 08:00

Arg: Pixabay

"Zer da gaiztakeriaz ulertzen duguna? Zerk eramaten gaitu gaiztakeria egitera? Saihets daiteke?"

Irratia piztuta eramaten dut kotxean. Gidatzen nagoenean ez dut musikarik jartzen. Magazinak nahiago ditut, lagunduta sentitzen naizelako. Sarritan, esatariekin alegiazko eztabaida metafisikoetan aritzen naiz sutsu, harik eta nire kotxeko irratiak bat batean frekuentzia eta kateak aldatzen dituen arte. Aurrekoan, liburuen nobedadeak entzuten nengoen bitartean, gaiztakeriari buruzko elkarrizketa sartu zitzaidan Mirandatik Logroñorako bidean. Ana Carrasco Conde filosofoa zegoen hizketan, Decir el mal bere liburuaren inguruan.

Gaiztakeriari lotuta ditugun ideia faltsuei buruz, aurreiritziez, ari zen mintzatzen. Gaizkileak, gaixoak, berekoiak, psikopatak edo munstroak direla, gurekin zerikusirik ez dutela sinistu nahi dugu, horrek lasaitzen gaituelako, jakin badakigun arren pertsona "normalek" egiten dituztela txarkeriarik izugarrienak. Gaitza zerbait endemikoa dela, gizakiak berezkoa duen gaiztotasuna saihestu ezina dela, betidanik izan direla gerrak edota pandemia naturaren zigorra dela pentsatzeak daukagun ardura –norberarena zein kolektiboa– ekidin egiteko estrategia besterik ez dela dio: konformismora garamatzala, amore ematera. Gaitzak ez direla errepikatzen azpimarratu zuen: aldi bakoitzean, berria dela erasoa, berria dela erasotzailea eta berria ere biktima, sarritan eta tamalez, biktima berberak askotariko erasoak jasaten dituen arren.

Zer da gaiztakeriaz ulertzen duguna? Zerk eramaten gaitu kaltea egitera? Ba al dago saihets daitekeena? –galdetu zion esatariak. Begiak zabaldu eta gure inguruan gertatzen denari aurrez aurre begiratzeko ausardia behar dugula, ikusi nahi ez duguna ikusteko, geure konplizitateak aitortzeko– halako zerbait erantzun zion Ana Carrascok.

Elkarrizketa bukatzeko, entzuleentzako galdera bota zuten: "Zein da egin duzun gaiztakeriarik edo kalterik handiena?". Zenbat gure aitorpen bota zuen jendeak. Neu, galderaren oihartzunarekin nabil iltzatuta harrezkero. Ezin dut sinistu, nire ahizparen jaunartzearen ostean, bere itsulapikotik hartutako hamar pezeta izan dela egin dudan zantarkeriarik handiena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago