Itsu ez ibiltzeko betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2022ko ots. 5a, 10:00

Oskar Schindler, Israelera egindako bisita batean.

"Erori, eta zazpi ordu beranduago aurkitu zuten Parisko erdiguneko kale batean"

Aurreko astean, Bafta saria jaso zuen Jon Blair-en dokumentala ikusi nuen: Oskar Schindler. The Real Story. Holokaustoaren oroimenari eskaintzen dioten nazioarteko egunean jarri zuten telebistan. Bertan, Schindlerren "benetako" biografia azaltzen da. Ez zen Spielbergen pelikulan agertzen zen modukoa, ez erabat behintzat. Gonazalea, oportunista, iruzurtia, arduragabea, mozkortia eta ez dakit zenbat adjektibo iraingarri oparitu zizkioten bere emazteak eta gertutik ezagutu zutenek. Salbatu zituen juduen iritzia bere aldekoa zen, noski.

Ikusi eta gero, hausnarketan geratu nintzen: nola egoera larriek jarrerak hartzera behartzen gaituzten, nola iritziz aldatzen dugun erabat ikusezina genuen beste errealitate bat agertzen zaigunean bete-betean. Schindlerren kasuan hala izan zen, baina ez Amon Goeth komandantearen amorantea izan zen Ruth Kalderrenean. Elkarrizketan, Goeth ardura handiko gizon atsegina eta maitagarria zela zion Kalderrek. Haurrak eta hainbat lagun judutar lanean ikusten zituela maiz, baina gerrak berak eragiten zituen egoera latzen ondorioak zirela kontzentrazio-esparru haiek, eta juduen egoera, saihetsezina. Laburbilduz, horrela erantzun zuen 1983an, berrogei ta hamar urte beranduago. Kalderrek ez zuen iritziz aldatu denbora luze hartan, errealitate krudelari bizkarra eman ziolako.

Jose Luis Cuerdaren La lengua de las mariposas ere ikusi nuen. Berriro ikaragarrizko samindura sortarazi zidan filmaren bukaerak; lagunek, bizirik ateratzeko, lagunei uko egin zieten, 1936ko uztailaren 18an nazionalak herri txiki hartan sartu zirenean biztanle errepublikazaleak bide ertzean fusilatzeko. Manuel Rivasen hiru ipuinetan oinarritu zen Rafael Azcona gidoia idazteko, eta kontalariok badakigu benetako ipuinak egiaren gordelekuak direla, tamalez oraindik bide bazterrak diren bezala.

Rene Robert argazkilaria erori, eta zazpi ordu beranduago izoztuta hilik aurkitu zuten Parisko erdiguneko kale batean, jendearen axolagabekeriaren ondorioz. Gogora ekarri dit Gasteizen ere duela urte batzuk Frantzia kalean tipo bat hilda aurkitu zutela, izoztuta hau ere, inork jaramonik egin ez ziolako.   

Graduazio eguneratutako betaurrekoak beharko ditut. Baita teleskopio eta mikroskopioak ere, gertuko eta urruneko errealitateak garden ikusi ahal izateko.

Ruth Kalderrek bere buruaz beste egin zuen elkarrizketatua izan eta gutxira. Antza denez, egiari aurpegia jarri zion azkenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago