Duela urte batzuk, ahozko memoria familiarra berreskuratzeko proiektu batean sartuta nengoela geure herrian, Arimaren begiaren kontua ekartzen zuten sarritan. Aldaera batzuen arabera hauxe zen istorioa:
Basoan galtzen den bidearen amaierako auzoan, etxe zahar bat dago eta bertan X-en amama eta aitite bizi ziren. Ume lagun kuadrillak sarritan, udako partean batez ere, joaten ziren bertara inguruan jolasetan aritzeko. Basatia eta aldi berean ezaguna, leku aproposa zen abenturazkoetan aritzeko. Hiru solairu zituen etxeak.
Atarikoan, basorako eta baratzerako erabiltzen zituzten tresnak eta zapatak. Hormetan, kipulak, berakatzak eta piper txorizeroak eskegita. Bigarrenean etxebizitza eta hirugarrenean, ganbara.
"Manuk harro jaitsi zituen eskailerak baina, lekukoen faltaz, inork ez zion sinistu"
Batzuetan, ekaitza zekartzaten arratsaldeetan, Arimaren begietara jolasten zuten. X-k esaten zuen hirugarren solairuan Arimaren begia bizi zela eta, kemena erakusteko, bertaraino igo eta arimarekin parez pare jarri behar zela. Iritsiz gero, taldearen eta herriko ororen miresmena lortuko zuela. Jakina, berak izan ezik, inork ez zuen lortzen ekimen heroiko ura burutzea.
Halako arratsalde batean, Manu, lagun gazteena, etxera lur jota heldu zenean, aititek eman zion irabazteko formula: "Begiaren itxura duen argi hegalari bat aurrez aurre ikusiz gero, aitaren egin behar duzu ahal duzun arinen, eta bitartean galdetu: parte onekoa zara edo txarrekoa? Begiak irrintzi beldurgarria botatzen badu, parte txarrekoa zelakoaren seinale izango da, eta desagertuko da. Parte onekoa bada, ordea, bertan geratuko da.
Hortik aurrerakoak: zapi bat aterako duzu; arimak punta batetik helduko dio eta zuk beste puntatik; zer nahi duen galdetuko diozu, eta berak zertan lagundu behar diozun esango dizu; bere atzean jarriko zara eta biok batera, han zarelakoan hemen, instant batean, egin beharrekoa likidatuko duzue. Bakea arimarentzat eta zeuretzat", esan zion.
Hurrengoan, Manuk igotzea lortu zuen eta baita arimari lagundu errekadua egiten. Harro jaitsi zituen eskailerak baina, lekukoen faltaz, inork ez zion sinistu.
Niri ere bizipen harrigarrienak, ederrenak, sakonenak, bakarrik nagoenean gertatzen zaizkit, auskalo zein errealitate paralelotan.