Urteko sasoirik gustukoena uda izan da beti niretzat. Nerabezaroan, eguna aspertzeraino luzatzen zenez, uretan ia azala erori arte egoten ginen ondoren eguzkitan etzateko. Arroketako atzeko aldera joaten ginen ero moduan kantatzera, eta gero gitarrarekin samur abesten zuten mutiletaz maitemintzen ginen. Praka bakeroak eta ile luzezka eramaten bazuen delako gitarrajoleak, haitzetara itzuli behar izaten genuen ozenago kantatzera, hiruzpalau aldiz uretara jauzi, gure samina baretu ahal izateko. Maitasun platonikoen eta aurkikuntzen sasoia. Munduak ez gintuen konprenitzen eta gurasoek askoz gutxiago. Udako partean, ikasturtean bizitako eta ikasitako berriak elkar trukatzen genituen hondartzan eta konturatu egiten ginen orduan nola aldatu ginen urte batetik bestera.
Udatik niretzako unerik faboritoena, dudarik gabe, herriko jaiak izan dira. Bigarrena, ondoko herrikoenak. Oporrak hartzen genuenetik jaietan egoten ginen pentsatzen. Toperaino igarotzea izaten zen udako helburu nagusiena. Jaietako bukaerako azken trakarekin batera, bizitzeko gogoaz blai eta lur jota baginen ere, hurrengokoak hasten ginen antolatzen buru-belarri: askatasun osorako bidean, hurrengo urratsa nola beteko genuen izaten zen gure ardura.
Nagusiak kantatzen, edaten edo dantzan, barre algaran, lepotik edo gerritik helduta ikustean, inbidia sentitzen nuen. Urtean zehar behar moduan betetzen egoten ziren haiek, axolarik gabe, denboraren konzientziarik gabe, edonorrekin nahastuta, besarkatzen, ikusten nituen jaietan. Musika banden eta barraketako zaratak ematen zieten inpunitate osoa, eta jai-arropa paritarioek babesten zituzten.
Alaitasuna eta gozamena dosi handitan. Ederrak gara barruko poztasuna ateratzen dugunean. Bizirik gaudela, gure komunitateko parte garela baieztatzeko ospatzen dugu urtero jaietako errituala. Bizitza heriotzaren gainetik. Orain, pandemia barruan murgilduta, jairik gabe utzi nahi gaituzte, bizitzaren alde zintzo jokatzeko. Paradoxa ikaragarria!
Marc Augek proposaturiko ez-lekuak tokirik erabilgarrienak bilakatu diren bezala, ez-jaiez beteko ditugu herriak. Gutxienez lepoan zapi bat jarrita ospatuko ditugu. Urteroko kale eta plazetatik ibiliko gara. Azal barnetik dantzan, bertsotan eta kantatzen ere dakigun taldeko kideak garela baieztatuz.