Sahara basamortuaren inguruko hiri batean bi tipo daude hizketan. Batak, erabat emozionatuta eta poz pozik, negozio berri bat, taberna bat zabaltzekotan dagoela esan dio besteari. "A bai? Eta non?", –galdetu dio bigarrenak–. "Basamortuaren erdian, edozein puntutik abiatuta erdi erdian dagoen lekuan. Ikusi ez nauzun denbora luzean basamortutik ibili naiz. Dena daukat neurtuta jada, eta badakit non egongo den nire tabernatxoa", –diotzo lagun kementsuak–. Bigarrenak, erabat kezkatuta bere lagunaren osasun mentalaren egoeragatik, erokeria dela hori, ezin daitekeela negozioa izan, gaur egun beste ibilbide batzuk zabalduta daudela hirietara iristeko, ez duela bezerorik edukiko eta beste arrazoi zentzudun batzuk eman dizkio ideia ero hori burutik kentzeko. Alferrik ordea. Gure negozianteak horrela erantzun dio: "Baina imajina ezazu bertaraino iritsiko direnak norainoko beharra izango duten! Egundoko egarria ekarriko dute".
Goiko hau, istorio sufi bat omen da. Badakizue, filosofikoa edo sasi-filosofikoak diren istoriotxo guztiei "sufi" jatorria leporatzen zaie. Pasa den astean, bosgarren urtez eta asteartero, Florida zinemetan egiten den zineforum saioan, Percy Adlonek zuzendutako Bagdad Cafe filmaren inguruko solasaldiaren ardura izan nuen. Pelikula honetan, goiko istorioan bezala, Estatu Batuetako Mojave basamortuaren leku galdu batean agertzen zaigu Bagdad Cafe eraikuntza. Taberna, gasolindegi eta motel baldar eta zaharkituak daude. Bertan bizi diren lagunak, diren bezala, modu gordinean agertzen zaizkigu. Ez dago ezer ezkutatzerik basamortu batean. Norberaren bakardadea agerian dago, eta bakoitzaren egarria begi-bistan. Gezurrik ez dagoenez, iruzurrik ez.
Basamortuak lehortasun eta heriotzaren sinbolismoa dauka iruditeri kolektiboan. Isiltasuna eta denborarik gabeko gunea da, baita ere. Geure barne aldaketa egiteko behar dugun erritmoa topatzen dugu bertan. Basamortuan, ezinbestekoa dugu taberna bat, oasi bat, elkargunea izango dena. Partekatutako bakardadeak eta egarriak elikatuko dizkiguna, gure bizitzaren hurrengo urratsei aurre egiteko. G-maps aplikazioa zabalduko dut ea egarrituta nagoenean galdu barik iristen naizen.