Gabonetako giro baikorraz blaituta nabil. Bestelako normaltasunera bueltatzea zaila egiten zait. Badakit oraingoak ez direla izan anuntzioetan agertzen direnen antzeko eguberriak. Ezta ere kaleetako argiztapenek, etxeetako girnaldek, bizikideen zorion-agurrek, sare sozialetan hainbat aldiz errepikatuta jasotzen ditugun mezuek agintzen ziguten bezalako jaiak. Berdin dio, psikomagia ohiturak jarraituz, gaitz guztiak bukatutako urteari leporatu dizkiogu eta gure egoera idealaren itxaropen guztiak urte berrian jarri ditugu mahats aleak irensterakoan, jakin badakigun arren pandemiarik gabe ere urtero errepikatzen dugun jarrera dela. Antzinatik omen datorkigu halako joerak errepikatzearena, naturaren sasoi bakoitzaren arabera. Zuhaitzak apaingarriz betetzen ditugu, babes gaitzaten eta fruituetan emankorrak izan daitezen, eguzki jaioberriari bizkortzeko animoak eman eta negugorria jasan ahal izateko, janari nahikoa eta behar dugun maitasun babesa izateko hurrengo ekinoziora arte ospatzen omen dugula. Hortik datoz hainbeste bazkari eta afari, edatearena, kantatzearena eta sasoiko ondorio kolateralak.
Zerbait hobea merezi dugula sinetsi beharrean gaude aurrera egiteko. Geure pentsamendu logikoa alde batera utzi, eta ezbehar eta zorigaitz guztiak ez gaituztela guri harrapatuko, koronabirusak, minbiziak eta gainontzekoak besteentzako direla, garraio istripuak estatistiketarako direla, goseteak eta gerrak edota naturaren hondamendiak beste lurraldeetako arazoak direla. Biztanle planetario zintzoak garela plastiko ontziak, papera eta ondare biologikoak bakoitzak beren kutxatxoetan sartzen baditugu. Amazonen erosten ez dugunok heroitzat eduki dezakegu geure burua, eta, gainera, gerraren aurkako edo manifestaldi feministetara joaten bagara, perfekzioaren bidean gaudela pentsatzera irits gaitezke. Ni neu nire lodiera genetikoa dela pentsatzera heldu naiz, txokolatezko tarta jaten dudan bitartean. Arriskutsua benetan "baikortasun faltsua" deritzoten fenomeno hau: eguberrietako jaiak ospatzen hasten gara, eta deskuidatzen bagara banakako paranoiak edota totalitarismoa ate joka dauzkagu.