Trump presidentea Covid-19ak kutsatu duela esan zuten irratian, eta nik behingoz ditxosozko birusak justizia poetikoa bete zuela pentsatu nuen larunbat gauean oheratzerakoan. Hauteskundeetatik kanpo geratuko zela, gorriak eta gehiago jasango zituela arnasgailu eta guzti. Gainera, medikuek eta sendagileek prentsaurrekoetan horrenbeste goraipatu zuen lixiba antzeko hura emango ziotela imajinatu nuen, eta Trumpek ezetz, damututa dagoela, osasungintza publikoa jarriko duela onik ateratzen bada, behin eta berriz errepikatzen. "Lagundu mesedez!", dio ahulduta eta malkoz beteta, ahots makal eta dardartiaz, listuka bere harrokeria suntsitzen den bitartean. Orduan, AEBetako medikuak, erizainak, laguntzaileak, larrialdietakoak, eta oro har osasungintzan diharduten guztiak Trumpen inguruan irudikatu ditut, barre makabroan, hidroxiklorokinaz blaitzen duten bitartean, eta berak, "Lagundu! Barkatu!" erdi itota, kemenik gabe. Horretan nengoen, nire pelikula honetan, ohean eta ilunpetan, esatariaren ahotsa geroz eta urrunago entzuten, irribarrez, loak hartu ninduen arte.
Ametsak amets dira, ordea, eta, jada ahokoa jarrita, auto baten barruan atera da ospitaleko inguruan dagoen jendetzaren aurrean, bere ego-bitaminak hartzera. Patriota deitu die bere jarraitzaile sutsuei, bere burua aberria balitz bezala, jainkoa balitz bezala.
Zergatik daude hainbeste ergel munduan? Carlo Cipollak dio ergelkeria dela munduan dagoen gauzarik demokratikoena, eta gizatalde guztietan, salbuespenik gabe, ergelen kopurua aldagaitza dela.
Ezin ihes egin. Ezin eraso irrazionalei arrazoiarekin erantzun. Ez du estrategiarik edo taktikarik balio. Ahul eta biluzik gaude. Antidotorik gabe. Adimena izan da mundua menderatzeko gizakiek erabili izan duten ahalmenik nagusiena. Horrenbeste mirestu ditugun jakintsuen beharra izan dugu, gaurko gizartea, teknologia eta beste eraikitzeko. Baina, antza denez, gaur egun ez omen da beharrezkoa. Inteligentzia zaharkitua eta baliogabetua geratu da, gorputz osoa estaltzen zigun ilea bezala. Bataren edo bestearen arrastoren bat geratzen bazaigu, ezkutatzea edo depilatzea izango dugu hoberena.
Ez dut ulertzen zergatik joan zaren zu eta gure artean geratu diren oraindik jasan eta sufritu behar ditugun Trump eta bere antzekoak. Zergatik funtzionatzen du hain gaizki munduak?, galdetu dio Mafaldak aitari. Zergatik, Quino?