Dimentsioak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2020ko mai. 10a, 10:38

"Bazterrak arakatu ditut, tiraderetan arkeologoarena egin dut, gaztetako gutunak..."

Galiziatik bueltan harrapatu ninduen konfinamenduak eta, Lewis Carrollen Alizia bezala, bat-batean beste mundu batera heldu nintzen. Mamarroa datorrela, badatorrela, esan ziguten eta azkenean harrapatu gaitu. Eta etxean gaude, zorte izan dugunok, ustez kutsatu gabe gaudenok, espazioaren eta denboraren dimentsio berriak ezagutzen.

Espazioa mundu osora zabaldu zaigu bat-batean. Eskatu didatenean parte hartu dut idazten edo kontalari, sareetan eta irratietan, hemengoetan eta beste lurraldekoetan nire jardunaren bideetan aurkitu ditudan lagunekin batera, nazioarteko talde handi batean loturak sendotzen.

Etxe barrura murriztu zaigu ere espazioa. Nire etxea habitatu, okupatu, bertan egoteaz jabetu, hor nagoela eta ez beste inon jakin. Nirekin batera aspalditik dauden gauzei begiratu, zergatik eta zertarako dauden, sukaldeko aulkiak margotu, egongela berrantolatu. Bazterrak arakatu ditut, tiraderetan arkeologoarena egin dut eta haurtzaroko argazkiak, gazte denborako gutunak eta olerkiak, nire lehendabiziko antzerki piezen testuak kasete zintetan grabatuak, amamaren oihalak aurkitu ditut. Bizitza oso bat etxe barruan kabitzen dela, igaro ahal dela jakin dut.

Denboraren kontzientzia berria, mugarik gabeko denboran bizi. Aurretik nituen errutinak albo batera utzi, datorrenari eutsi, besterik gabe. Kanpotik jasotako denbora-pasarako, ikasteko edo erlaxazio ariketen eskaintzei jaramonik egin gabe. Doako jarri diguten oso interesgarriak diren filmak ikusi gabe eta aspaldi irakurri nahi nituen liburuak irakurri gabe utzi, lasai. Egonean egoten ikasi dut.

Aldi berean, Gobernuaren aginteak eta neurriak, hondamendiaren datuak, hildakoen kopuruak militarrez hornitutako prentsaurrekoetan, ekonomiaren deskalabrua, hainbat jardueren egoera tamalgarria, estaliak geratu diren beste lurraldeetako gatazka eta gerrak, osasun baliabiderik gabe bukaezineko konfinamenduan bizi diren hainbat lagunen baldintza lazgarriak. Nork deseskalatuko gaitu hemendik? Azken hau nola dimentsionatu edo non kokatu ez dut oraindik asmatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago