Trukorik gabeko tratuak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2019ko aza. 8a, 12:15

"Kutxa zabaldu eta geure etxeko argazkiak begiratu ditut, ni nor naizen gogoratzeko"

Aititek eta amamak eraikitako etxearen hirugarren solairuko sarreran, aurreko horma betetzen duen kaobazko altzari handi bat dago. Izeko Isabelek Venezuelatik ekarritako musika kutxa erraldoia da. Izeko Isabel eta osaba Pedro gerraren ostean etorkizunaren bila baino, oraina ziurtatu nahian joan ziren iragana albo batera utzita. Osaba Carlosen emazteak, izeba Pilarrek, albondigarik gozoenak prestatzen zituen bigarren solairuko euren etxebizitzan, astean behin. Abisatu egiten zidan eta tximista baino arinago igotzen nintzen lehengusuekin batera bazkaltzera.

Aititek, iluntzero, hilda zeuden lagunen argazkiez betetako zapata kutxa bat ateratzen zuen bere logelaren armairutik. Banan-banan begiratzen zituen eta bakoitzari zerbait xuxurlatzen zion, batzuei gozo eta besteei ez horrenbeste. Bere ondoan jartzen nintzenean, haien pasadizoak kontatzen zizkidan. Horrela ezagutu nituen besteak beste, Patxi, Periko, Tomas, Karmentxu bere emaztea, Petra eta Antonio bere neba abadea. Amamak, gauero, lotara joan baino lehen, komedoreko mahai gainean zituen kriseiluak piztuta zeuden ziurtatzen zuen, berak bakarrik ulertzen zuen otoitza esan bitartean, eta argiztatuak geratzen ziren Argentinara joan zen eta inoiz bueltatu ez zen bere neba Pernando, bere gurasoak Juan eta Benita, gerrak ostutako Kandido semea eta Katalin bere lagun kutunena. Geurea zen lehen solairukoan, hormetan zintzilik, gurasoen ezkontzako bi argazki: handienean biok bakarrik, ama lore sorta batekin eta aita irribarretsu zeruertzera begira; bestean orduko familia osoa agertzen da. Gero, gure bataioarenak, jaunartzearenak, gurasoekin hondartzan edo txangoak egiten, ezkondu ginenekoak eta azkenean geure seme-alabenak.

Urtero bezala, jada hutsik dagoen familiaren etxera itzuli naiz, eta haurtzaroan eskailerak igotzean egiten nuen bezala, solairu bakoitzeko osaba-izebak agurtu ditut ahoz gora, aititeren zapata kutxa zabaldu dut, amamaren kriseiluak piztu ditut eta geure etxeko argazkiak begiratu ditut, ni nor naizen gogoratzeko. Den denak jasoko ditut, eta, izan direlako garenez, aurrerantzean bilobari erakutsiko dizkiot trukorik gabeko tratoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago