Harira

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2019ko ira. 26a, 10:58

"Zertan ari gara istorio bat kontatzean? Induskatu, sakonera begiratu behar dugu".

Aurrekoan Garaion Sorgingunean egon nintzen mintzaldi-elkarrizketa bat ematen ahozkotasunaren inguruan, bertan antolatzen den ipuin egunaren bezperan. Ahozko narrazioaren eremuan arkeologia xumea egin genuen: informazioa, komunikazioa eta transmisioaren arteko loturak eta ezberdintasunak. Ipuinak ez ezik, ahozko narrazio saioetan sortzen den bizipenen unibertsoaz ere aritu ginen. Zertan ari gara istorio bat kontatzean? Induskatu, sakonera begiratu behar dugu batik bat honen inguruan gabiltzanok. Partitura, ipuina bera, albo batera utzi behar dugu guk geuk aurrean izango ditugun lagunekin nolako loturak sortu nahi ditugun jakin arte: informatu, komunikatu, partekatu, hunkitu, transmititu eta abar. Horren arabera, egingo duguna ahozko narrazioa izango da ala ez.

Zer da benetan kontatu nahi duguna ahate itsusiarena kontatzerakoan, adibidez? Itsusiak ederrak bihurtzen direla gorriak igaro ostean? Ezberdintasunak sortzen duen gutxiespena? Edo ama baten gatazka seme-alabak bestelakoak direnean: babestu, berdintasunera moldatzeko hezi edo alde egiten utzi? Berdintasunaren paradigmak ez dira aldatzen printzesak printzearen ordez dragoia suntsitzearekin bakarrik. Aldiz, "gizontasunaren" arketipo kaltegarriak erantsiko dizkiogu "emakumetasunaren" arketipoari. Emaitza: kalte bikoitza biontzat.

Bide batez, nor demontre da Maridomingi? Nondik atera da? Zertara dator? Norbaitek sinesten du parekotasunaren mesedetan agertu behar dela iragana ez duen, zeregin jakin bat ez duen, kokapenik (tokiz nahiz soziala) ez duen eta gainera mendeetan emakume euskaldunek jantzi duten arroparik itsusienarekin mozorrotuta? Telebistako reality-etan agertzen diren azafata hutsal horietako bat nahi dugu, edo senarraren atzean doan emaztea? Kontuan hartuta familiakoez gain Maridomingi eta Olentzero izango direla lehen erreferente sozialak generoaren ikuspegitik, hori da gure haurrei eman nahi diegun eredua?

Jostatu nahi dugu, beste barik? Egunerokotasuna bazterrean utzi, izarrei begira egon? Edo, bizitzaren harira eraman, oinarrizkora jo? Edo, bihotza hunkitu, hitzari eutsi, denbora bota, haize kontra joan? Orduan, aurrera!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago